Morkaikoren mendi emanaldi zikloa azaroaren 7an hasiko da

Barren.eus 2019ko urr. 24a, 14:29

2019ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloaren egitaraua ezagutzera eman du Morkaiko Mendizale Elkarteak. Lau saiok eta Bilbao Mendi Film Festivaleko bost film labur eskainiko dituzten emanaldiak osatzen dute aurtengo zikloaren egitaraua.

Proposamen “orekatu” eta “osoa” prestatzen saiatu direla azaldu dute mendi taldeko kideek. “Espero dugu herritarren gustukoa izatea eta mendi ekintza desberdinez gozatzera hurbildutzea jendea", esan dute. Inazio Bereziartua musika eskolako auditoriumean izango dira emanaldiak, 21:00etan; eta, Herriko Antzokian emango dituzte film laburrak. 

 • Aizkorriko kanalak, azaroaren 7an
Xabi Smithy Mujikak emango duen hitzaldiarekin hasiko da aurtengo zikloa, azaroaren 7an. Mendizalea, erizaina eta blogaria da Smithy ordiziarra. Aizkorriko kanalak: alpinismoa Goierriko bihotzean izenburua duen hitzaldia emango du Elgoibarren, eta Gipuzkoako mendirik garaienak dituen kanaletan eginiko eskaladei buruz berba egingo du. Goierrin duten “altxor” hori ezagutzera ematea da bere asmoa.
 • Kanadan eskiatzen
Kanadara eramango gaitu zikloko bigarren hitzaldiak, azaroaren 14an: Expect the Unexpected: mendi-eskia Kanadan izeneko ikus-entzunezkoa aurkeztera etorriko da Ane Hernani elorrioarra. Duela bi urte, beste hiru lagunekin batera Kanadara egindako “ametsetako” bidaiako bizipenak jasotzen ditu Expect the unexpected ikus-entzunezkoan. Mendi eskia maite duten mendizaleek helikopteroz bakarrik joan daitezkeen parajetan ibili ziren Kanadan. Elur-jausi ikaragarri baten lekuko ere izan ziren eta birala egin zen bideo batean grabatu zuten. Handik sortu zitzaien ikus-entzunezkoa egiteko ideia.

 • Appalachian National Scenic Trail
Azaroaren 21ean emango dute zikloko hirugarren emanaldia: Appalachian National Scenic Trail izenekoa. Jon Galdosek eginiko lana da. Amerikako Estatu Batuetako parke nazional ugari eta hamalau estatu zeharkatzen dituen 3.523 kilometroko ibilbidea egin zuen Jon Galdosek bost hilabetean, eta hango bizipenak azalduko ditu.
 • Film laburrak Herriko Antzokian
Azaroaren 22an Bilboko Mendi Film Festibaleko (BMFF) Mendi Tour ekitaldia Elgoibarrera etorriko da berriro ere, azken edizioko bost film labur emango dituzte Herriko Antzokian, 21:30ean hasita.

 • Shipton Spire, Karakorumeko sugarra
Ekaitz Maizen hitzaldiarekin amaituko da zikloa azaroaren 28an. Eskiatzaile eta alpinista etxauriarrak Karakorumen egindako espedizioaz berba egingo du Shipton Spire, Karakorumeko sugarra izeneko saioan, Shipton Spire (5852 m) mendia igotzeko egindako espedizioaren berri, hain zuzen ere.

2019 10 23 morkaiko mendi emanaldi zikloa kartela