Elosutik Pol-Polera eta handik Irukurutzetara, ikasturteko lehen mendi irteeran

Barren.eus 2019ko urr. 2a, 14:49

Mendi irteera sasoiari hasiera emateko Elgoibarko mugetan dagoen paraje eder bat ezagutzeko irteera antolatu zuen Morkaiko mendi taldeak, Herri Eskolarekin eta Ikastolarekin elkarlanean.

 Autoan Elosuraino joan eta Elosumendira abiatu ziren oinez 39 ume eta hainbat nagusi. "Elosumenditik aurrera, gainez gain, pagadi artean, Pol-Pol aldera jo genuen. Bidean dolmen eta tumulu ugari ikusi genituen. Horien artean txukundu berri duten Keixetako trikuharria", azaldu dute Morkaikotik. Polpoleko iturrian indar berritu ondoren, batzuek Irukurutzetarako bidea hartu zuten. Beste batzuek berriz, atzera Elosurako bueltako bidea hartu zuten. "Irukurutzetara joan zirenak ez ziren batere damutu aldapa pixka bat gehiago igo behar izan zuten arren. Primerako ikusmiraz gozatzeko aukera izan baitzuten, eta eguzkipean gainera".
Hurrengo mendi irteera mikologia astearen barruan egiten dutena izango da, urriaren 20an. Morkaikotik aurreratu dutenez, eguraldiaren eta mendietako perretxiko kopuruaren arabera erabakiko dute nora joan.

2019 09 29 morkaiko elosu polpol irukurutzeta