Elosutik Irukurutzetara joateko mendi irteera antolatu du Morkaikok

Barren.eus 2019ko ira. 23a, 11:46

Elgoibarko mugetan dagoen "paraje eder bat" ezagutzeko mendi irteera antolatu du Morkaikok, Herri Eskolako eta Ikastolako gurasoekin elkarlanean, irailaren 29rako. Elosutik Pol-Polera eta handik Irukurutzetara joango dira.

Mendi irteera sasoiari ekin eta igande goiz pasa eder bat pasatzeko irteera antolatu dutela esan dute Morkaiko mendi taldeko arduradunek. Bazkal ordurako Elgoibarrera itzuliko direla azaldu dute.

Mintxetako aparkalekuan elkartuko dira 9:30ean, eta autoz joango dira Bergara eta Azkoitia artean dagoen Elosu auzoraino. Elosutik oinez igoko dira Elosumendi gaineraino. Behin gaina hartuta, pago artean dagoen bide bat jarraituz, Pol-Poleraino ailegatuko dira. "Bidean dolmen eta ondare megalitiko ugari aurkituko ditugu. Horien artean txukundu berri duten Keixetako tumulua bisitatuko dugu", aureratu dute. Azkenik Irukurutzeta (898 metro) mendiko gainetik Gipuzkoako eta Bizkaiko bista ederrez gozatzeko aukera edukiko dute.

Guztira 12 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Ez da beharrezkoa izena Morkaikon ematea, baina haurrek, Herri Eskolan edo Ikastolan eman beharko dute izena, ikastetxeekin elkarlanean antolatzen dituzten irteera hauetan ohikoa den moduan. Era berean, umeak ezingo dira irteerara bakarrik joan.