Elgoibar Bi Erroberatan bizikleta irteera bertan behera, segurtasuna ezin dutelako bermatu

Barren.eus 2019ko ira. 18a, 08:57

Herri Eskolako Kalamua Guraso Elkarteak jakinarazi duenez, domekarako iragarrita zegoen Elgobar Bi Erroberatan bizikleta irteera ez antolatzea erabaki dute.

Ekitaldia ez antolatzeko arrazoi nagusia segurtasuna ezin dutela bermatu dela argitu du Kalamua Guraso Elkarteak, bizikleta irteera honen antolatzaileak. "Arrazoi nagusia segurtasuna da, ibilbideko segurtasuna bermatzea alde batetik, eta bestetik, legeak eskatzen dizkigun baimenak eta aseguru poliza izatea. Horregatik, kolaborazio bide bat zabaldu dugu Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolarekin, eta bide batez, Gipuzkoako Txirrindularien Federazioarekin ere bai, Elgoibar Bi Erroberatan ekintzak hurrengo urtean legeak ezartzen dituen alderdi guztiak bete ahal izateko", adierazi dute. Izan ere, datorren urtean berriro antolatzea da euren asmoa.

Kalamua Guraso Elkarteak distantzia laburretan bizikleta gehiago erabiltzera animatzeko helburuarekin antolatzen du Elgoibar Bi Erroberatan. Iaz, 14. ekitaldian, 200 bat lagunek egin zuten Sallobentera joan-etorria bizikletaz.

2019 09 18 elgoibar 2 erroberatan kalamua 2018