Ikasturte berria hasteko prest daude Elgoibarko Ludoteka eta Gaztelekua

Barren.eus 2019ko ira. 6a, 11:05

Udako oporren ostean, ikasturte berriari ekingo diote Elgoibarko Gaztelekuak eta Ludotekak. Irailaren 9an zabalduko dute Ludoteka, eta irailaren 11n, berriz, Gaztelekua. 

Bukatu dira udako oporrak Elgoibarko Ludoteka eta Gaztelekuan, eta datorren astean ekingo diote ikasturte berriari. Hazi, hezi ekin lemapean zabalduko ditu ateak Ludotekak, eta Hemen gu geu gara izango da Gaztelekuko lema. 

Ludoteka astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 16:30etik 19:30era eta Gaztelekua, berriz, asteazkenetan, ostegunetan eta igandetan zabalduko dute 17:00etatik 20:00etara eta ostiral eta larunbataetan 17:00etik 21:00etara.

Zerbitzuak ezagutu nahi dituztenentzat ate irekien jardunaldiak egingo dituzte: Urriaren 8an Ludotekan, 18:00etan, eta urriaren 9an 19:00etan, Gaztelekuan.

Ludotekako bazkidetza Ludotekan bertan, Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan edo telematikoki www.elgoibar.eus atarian egin daiteke.

Bazkidetza: 

  • Ikasturte osoa ( Irailetik uztailera ): 45 €
  • Gabonetako oporraldiaren ondoren: 30 €
  • Aste Santuko oporraldiaren ondoren: 15 €
  • Familia ugariek: % 30 eko deskontua
  • Familia ugaria izan gabe, bigarren anai-arrebek: % 30 eko deskontua. 
  • Gizarte izaerako laguntzen onuradun diren familiek: % 70 eko deskontua.