Festa giroa izango da aste honetan Elgoibarko Ludotekan

Barren.eus 2019ko mai. 27a, 14:32

Txupinazo Egunarekin hasi zuten barixakuan Elgoibarko Ludotekaren X. Aste Nagusia, Maalako parkean.

Ludotekako maskota Ludok Aste Nagusiko Kartel Lehiaketako sariak banatu ondoren, festetako pregoia irakurri zuten eta 2019ko Aste Nagusiari hasiera eman zion txupina jaurti zuten Ludotekako arduradunek eta erabiltzaileek. Horren ostean, buruhandiek eta zezenzikletek girotu zuten festa eta ez zen jolasik eta dantzarik falta izan Maalako parkera batu ziren lagunentzat.

Txupinazo Egunaren ostean, gainerako ekintzak Ludotekan bertan egingo dituzte aste honetan. Gaur, hilak 27, Artista Eguna ospatuko dute. Haurrek oihal ezberdinak margotzeko aukera izango dute jolasaren bitartez. Maiatzaren 28an, Zirko Egunean, eta 29an egingo duten Natura Egunean haurrekkin adostutako hainbat ekitaldik osatuko dute egitaraua. Ostegunean, maiatzak 30, Top Txef izeneko ekimena egingo dute. Pintxo goxoak prestatuko dituzte parte-hartzaileek eta gero familiek dastatzeko aukera izango dute (ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Ludotekan). Azkenik, Aste Nagusiarekin bukatzeko, barixakuan, maiatzaren 31n, Kirolari Eguna izango da. Haur eta familien arteko futbolin txapelketa jokatuko dute, eta eguna ondo amaitzeko mokadu bat jateko aukera izango dute partaideek (izena egunean bertan emango da).