Elgoibarko Ludotekak X. Aste Nagusia ospatuko du maiatzaren 24tik 31ra

Barren.eus 2019ko mai. 20a, 20:01

Sei festa egun izango ditu Elgoibarko Ludotekaren X. Aste Nagusiak: Txupinazo Eguna, Artista Eguna, Zirko Eguna, Natura Eguna, Sukaldari Eguna eta Kirolari Eguna.

Txupinazo Egunarekin hasiko da barixakuan, maiatzaren 24an, Ludotekaren Aste Nagusia. Festei hasiera emango dien txupina Maalako parkean botako dute, 17:00etan. Jolasak, buruhandiak eta dragoizikleta izango dira eta aurreko egunetan Ludotekan egin duten kartel lehiaketako sari banaketa ere egingo dute.
Txupinazo egunaren ostean, gainerako ekintzak Ludotekan bertan egingo dituzte. "Denon gustuko jaiak izatea nahi dugu, beraz elkarrekin gozatu eta ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu!”, esan dute Ludotekako arduradunek.

Maiatzaren 27an, astelehena, Artista Eguna ospatuko dute. Egun horretan, haurrek oihal ezberdinak margotzeko aukera izango dute jolasaren bitartez. Maiatzaren 28an, Zirko Egunean, eta 29an egingo duten Natura Egunean haurrekkin adostutako hainbat ekitaldik osatuko dute egitaraua. Ostegunean, maiatzak 30, Top Txef izeneko ekimena egingo dute. Pintxo goxoak prestatuko dituzte parte-hartzaileek eta gero familiek dastatzeko aukera izango dute (ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Ludotekan). Azkenik, Aste Nagusiarekin bukatzeko, barixakuan, maiatzaren 31n, Kirolari Eguna izango da. Haur eta familien arteko futbolin txapelketa jokatuko dute, eta eguna ondo amaitzeko mokadu bat jateko aukera izango dute partaideek (izena egunean bertan emango da).