Mendaroko haurrek gogotik gozatu dute gaur, Kirol Egunean

Barren.eus 2019ko mai. 18a, 20:40

Kirol Eguna antolatu du gaurko (zapatua) Mendaro Ikastolako Arno Guraso elkarteak eta gogotik gozatu dute eskola-umeek. Herriko Enparantza jolasleku bihurtuko zutela jakinarazi zuten antolatzaileek, baina eguraldi txarra tarteko, ikastolako jolastokira aldatu dute lekuz jaia. Jolastokian, gune ezberdinak sortu dituzte, eta HH2tik LH6ra arteko umeentzat prestatutako ekintza ezberdinak antolatu.

Jolastokiko eskuin hegalean txikienentzako guneak antolatu dituzte, eta kantxan, adinez nagusiago direnentzakoak. Lagunartean, euskaraz, eta kirola eginez, gogotik gozatu dute neska-mutilek. Bukaeran, taldeko argazkia atera dute jolastoki handiko harmailetan antolatzaileek eta parte-hartzaileek elkarrekin.