Larraskandako tiro eremua itxi izanari buruz Gipuzkoako Ehiza Federazioak idatzitakoei erantzun die Mendaroko Udalak

Gorka Agirrezabala 2019ko mai. 3a, 15:55

Mendaroko Udalak Larraskandako tiro eremua itxi izana gogor salatu zuen atzo iluntzean Gipuzkoako Ehiza Federazioak sare sozialen bidez. Tiro eremua itxi izana ehizaren eta Gipuzkoako tiratzaileen kontrako erasotzat jo du Gipuzkoako Ehiza Federazioak eta errespetu falta egotzi dio Mendaroko Udalari. Gaur arratsaldean etorri da Udalaren erantzuna.

Mendaroko Udalak Federazioari erantzun dio inguru hori interes natural handiko gunea dela eta hala jasota dagoela hirigintza planaren 10.artikuluan, eta horrenbestez, legea bete baino ez duela egin. Tiro eremua dagoen lekua eremu karstikoa dela jaso du Udalak idatzian, eta ehizarako erabiltzen dituzten berunezko perdigoiek akuiferoetara filtratzen den ura kutsa dezaketela. Udalak nabarmendu du ez duela inoren kontra egin, baizik eta herritarren osasunaren alde, beste ezeren gainetik uraren kalitatea eta herritarren osasuna lehenesteko betebeharra duela iritzita.

1996.  urtean zabaldu zuten Larraskandako tiro eremua,eta Gipuzkoako Ehiza Federazioak kudeatu du ordutik. Ehiztariak eurak trebatzeko ez ezik txakurrak ehizarako trebatzeko baliatzen zuten tiro eremua ehiztariek, eta berriki tiro eremura arteko errepide zatia konpondu eta azpiegiturak berritzeko baimena eskatua zuen Federazioak. Baimen-eskaerari, baina, ezetza eman dio Udalak, esandako arrazoiak arrazoituta. Hala dio hitzez hitz Udalaren idatziak: Arkitektoaren txostenaren arabera, bulnerabilitate handiko gune bat da eta ez da konpatiblea ehizari lotutako aktibitatearekin. Baita ere, Mendaroko plan urbanistikoaren 10. artikuloak zonalde horretan mota horretako aktibitaterik ez garatzea arautzen du. Legeak eta adituen aholkuak babesten dute gure erabakia. Mendaroko ikurra den uraren kalitatea eta gu denon osasuna lehenesten ditugu beste gauza guztien gainetik, eta erabakia ildo horien barruan hartu dugu". Gipuzkoako Ehiza Federaziotik esan dute, baina, prest daudela auzitara jotzeko, ehiztarien eta tiratzaileen eskubideak babeste aldera.