Berrikuntzak izango dira Mendaroko udaleku irekietan

Barren.eus 2019ko api. 10a, 11:50

Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak kudeatuko ditu aurten ere Mendaroko udaleku irekiak. Aurten, baina, berrikuntzak izango direla iragarri du Udalak. Batetik, hiru astekoa barik lau asteko iraupena izango dute udalekuek, hasi ekainaren 24an eta uztailaren 19ra arte (9:30etik 13:00era).

Nolanahi ere, lau asteko eskaintza luzeegia zaienentzako bi txanden aukera ere sortu dute: lehenengo txanda ekainaren 24tik uztailaren 5era artekoa izango da, eta bigarrena, uztailaren 8tik uztailaren 19ra artekoa.

Era berean, adin-tartea ere zabaldu dutela jakinarazi du Mendaroko Udalak, eta aurten, HH2koek ere eman ahal izango dute izena. Izena emateko epea asteartean zabaldu zen eta apirilaren 26an bukatuko da. Matrikula, berriz, 120 eurokoa izango da (Mendaron erroldatuta ez daudenentzat, 180) aukera luzea hartzen dutenentzat, eta 70 eurokoa txandetako bat aukeratzen dutenentzat (90 euro, Mendaron erroldatuta ez daudenentzat). Familia ugariei %25eko deskontua egingo zaie txanda berean izena ematen duten hirugarren umeagatik.

Ordainketak honako kontu honetan egin behar dira, kontzeptuan umearen izen-abizenak zehaztuta: ES 29 2095 5054 011061225891. Ordainagiria udaletxean aurkeztu behar da gero, edo bestela helbidera bidali.

∞ Lotura duten albisteak: