Morkaikoren mendi irteerak, orain astegunetan ere bai

Barren.eus 2019ko api. 2a, 12:55

Astegunetan ere mendi irteerak antolatuko ditu aurrerantzean Morkaiko mendi taldeak. Adin guztietako herritarrei zuzendutako irteerak izango diren arren, "batik bat" erretiratuengan pentsatuz antolatu dituzte. Aurreneko irteera Larrunarri edo Txindokira egingo dute apirilaren 11n.

Astegunetako lehen mendi irteera eguen batean, apirilaren 11n, izango da eta Txindoki (1346 metro) mendira joango dira. 9:30ean irtengo dira Kalegoen plazatik, autobusean, eta 18:00ak alderako Elgoibarren bueltan egotea aurreikusten dute. Sei bat orduan hamar kilometroko ibilbidea egingo dutela jakinarazi dute.

Adin guztietako herritarrentzako irteera dela azpimarratu dute antolatzaileek. Mendirako arropa egokia, ura eta jateko zerbait eramateko eskatu dute. Autobusez joateko asmoa duten arren, autoetan joatea erabaki dezaketela ohartarazi dute, izena ematen duen jende kopuruaren arabera hartuko dute azken erabakia.

Morkakok Errosario kalean duen bulegoan eman daiteke izena. Eguaztenetan egoten da zabalik, 19:00etatik 20:30era. morkaiko@morkaiko.eus helbidera e-posta bat idatzita ere eman daiteke izena edo telefonoz: 658 74 07 88 (Txelu). Morkaikoko bazkideentzako prezioa 10 eurokoa izango da eta 15 euro ordaindu beharko dituzte bazkide ez direnek.

*Argazkia: Eskaldunaa