Mendi irteera eta sagardotegia uztartuko ditu aurten ere Morkaikok

Barren.eus 2019ko urt. 10a, 14:25

Morkaiko Mendizale Elkarteak mendi irteera berezia antolatzen du urtero sagardo denboraldiaren hasieraren bueltan. Aurtengoa otsailaren 16an izango da, eta Tellamendi mendira igo ostean Aramaioko Iturrieta sagardotegian bazkalduko dute gero.

Morkaiko mendi taldetik jakinarazi dutenez, otsailaren 6a da izena emateko azken eguna. Eibarko Klub Deportiboa mendi taldearekin elkarlanean atolatu duten irteera otsailaren 16an, zapatua, izango da. 8:30ean irtengo dira Elgoibarko Santa Klarako autobus geltokitik eta 19:00ak aldera itzuli.

Goiz partean Tellamendi (834 metro) mendira irteera "lasaia" egingo dutela jakinarazi dute. Hamahiru kilometro inguruko ibilaldia izango da. "Arrasatetik irtengo gara Udala, Besaide, LurGorri eta Tellamenditik pasa eta ibilaldia Aramaioko polikiroldegian bukatzeko. Bertan dutxa beroa hartu eta gero, Aramaio bertako Iturrieta Sagardotegian bazkalduko dugu indarrak osatzeko", azaldu dute planaz. (Hona egingo duten ibilbidea, mapan)

Izena emateko e-posta idatzi behar da morkaiko@morkaiko.eus helbidera edo Morkaikok Errosario kalean duen egoitzan ere eman daiteke izena (Bulegoko ordutegia: Asteazkena 19:00etatik 20:30era). Bazkideek 40 euro ordaindu beharo dute (35 euro 26 urtetik beherako bazkideek) eta 45 eurokoa da bazkide ez direnentzako prezioa. Ordainketa egiteko kontu zenbakiak honakoak dira: Kutxabank: 2095 5036 54 1060129326 eta Laboral Kutxa: 3035 0007 27 0071104751