“Patagoniak alpinismoaren alde eta arte guztiak menperatzea eskatzen du”

Barren.eus 2018ko aza. 16a, 13:12

Joseba Elustondok eta Jon Garatek hiru urte daramatzate elkarrekin eskalatzen. Pirinioetan eta Alpeetan ibili ostean, Patagoniako Fitz Roy mendilerroan jarri zituzten begiak, desirak eta ametsak. Hilabete inguru jardun zuten eskalatzaileentzat ikonikoak diren orratz izugarrietan eskalatzen, joan den otsailean. Hango ibilera eta bizipenekin osatu zuten Kotoizko Zaindariak dokumentala. Joan den urrian estreinatu zuten Herriko Antzokian, Morkaikoren mendiko emanaldien zikloan. BARRENi ere azaldu dizkiote Patagoniako eskaladen inguruko xehetasunak.


- Nola eta noiz erabaki zenuten Patagoniara eskalatzera joatea?
Jon Garate: Duela pare bat urte hasi ginen ideia lantzen. Alpeetan eskalatzen jardun genuen, eta elkarrekin gustura ibili ginenez, zera pentsatu genuen: zergatik ez behingoagatik handian pentsatu eta eskalatzeko helburu erakargarri bat jarri gure buruei? Amets egiten ari ginela irten zen Patagoniara joateko ideia, domeka goiz batean, raba batzuk eta garagardo batzuk aurrean genituela izandako berbaldian. Biok motibatu gintuen.
Joseba Elustondo: Jarritako helburua bete ahal izateko bidea prestatzeko aukera ematen zigun gainera erronka honek. Amets bat duzu eta lortu arteko bidea planifikatu eta gauzatu behar duzu. Prozesu hori ere polita da. Patagoniara joan aurreko mendi-irteerak eta oporrak antolatu genituen, entrenamendu modura. Horregatik laga genuen urte eta erdi inguruko tartea.
- Nola iritsi zarete eskaladara.
Jon: Karakatera lagunekin igotzen hasi nintzen mendian. Mendi taldeekin eginiko irteerak etorri ziren gero, eta une batean konturatu nintzen toki politak ikusteaz gainera beste hainbat aukera eskaintzen dituela mendiak. Entsalada bat egitea modukoa da, norberak aukeratu behar ditu gustukoen dituen osagaiak edo jarduerak. Eskaladak, alpinismoak, badituzte pizgarri batzuk Xoxotera lagunekin igo eta hamaiketakoa jateak ez dituenak, baina biak dira balekoak eta bateragarriak, bakoitzak bere momentua baitu. Joseba eta biok Pirinioetako paretetan hasi ginen elkarrekin eskalatzen. Jauzi bat eman genuen gero Alpeetara joanda. Josebak nik baino eskarmentu handiagoa du mendian, Himalaian edo Peruko Andeetan ibilitakoa baita, besteak beste.

- Zer esanahi dauka Cerro Torre mendiak eskalatzaileentzat ?
Joseba: Eskalatzaileentzako mendirik adierazgarrienetakoa eta ezagunetarikoa da Cerro Torre, Hego Patagoniako izotz-zelaiaren ertzean dagoen 3.133 metroko mendia. Estetikoki ederra izateaz aparte, mendizaletasunaren historian arrastoa laga du, mendiko literatura asko eta asko baitago idatzia mendi honen inguruan. Gure eskalada gaitasunetatik kanpo dagoen mendia da, baina, Cerro Torre. Fitz Roy mendilerroan aritu ginen eskalatzen. Bertako haitzaren kalitatea bezalakorik ez dagoela ere esaten da. Granitozko haitz pikoak dira inguru hartakoak. Euskal Herrian Aiako Harrietan bakarrik dago granitoa. Kare harria da nagusi hemengo eskalada lekuetan, Atxarten, Araotzen...
Jon: Mendi ikusgarriak eta dotoreak izateaz gainera, Fitz Roy mendilerroan egiten diren eskaladak primeran egokitzen dira gure estilora, Pirinioetan edo Alpeetan darabilgun eskalatzeko modura. Azkar eta arin eskalatzen dugu. Menditik gertu kanpinean gaua pasa, hurrengo egunean eskalatu, jaitsi eta Chalten herrian geneukan oinarrizko kanpalekura buelta, hiru egun pareta bakoitzeko. Patagoniak aukera hori ematen zigun. Himalaiako mendiak, berriz, izugarri handiak dira eta mendi magaletara ailegatzeko bakarrik egunetako trekking-ak egin behar dira. Guk ez geneukan horrenbeste opor egun horrelako bidaia bat egiteko.2018 11 15 patagonia mojon rojo joseba elustondo jon garate elgoibar

- Asko kosta zitzaizuen igo beharreko paretak eta bideak aukeratzea?
Jon: Gaur egun gero eta informazio gehiago dago, eta han eta hemen topatutakoa irakurriz asko ikasi daiteke. Liburuek saltzen duten irudia errrealitatearekin bat  datorren egiaztatzeko zortea ere izan genuen han egonak diren elgoibartarrekin berba eginda. Iosu Merino duela urte batzuk egon zen Patagonian eskalatzen eta Eñaut Izagirre orain gutxi egon da. Hala, batutako informazioarekin eta entzundakoekin gure neurrira eginiko jarduera antolatu genuen.
Joseba: Hilabetean eskalada asko egiteko aukera ematen duen tokia da Patagonia. Fitz Royk sei orratz ditu eta laupabost Cerro Torrek. Arazoa eguraldia da. Gerta daiteke hilabetean eskalatzeko aukera bakar bat ere ez izatea. Eguraldia kaskarra da, eta haizeak oso bortitzak izan daitezke, Antartikatik gertu dagoelako. Hortaz, komeni da alternatibak izatea. Ezin bada nahi dugun  mendira joan, zailtasun tekniko txikiagoko paretaren bat igo, boulderra praktikatu, korrika egin...  Eskalatzeaz aparte, mendiarekin zerikusia duten jarduera asko egin daitezke Chalten inguruan; izugarria da aukera.  Trekkingaren munduko hiriburua deitzen diote. Zirkuitu eta bide asko daude, egun batean egitekoak batzuk eta baita hamar egunetako ibilaldiak ere. Nahiko ondo prestatuta dauden bideak dira. Horietatik kanpo, inguru erabat basatia da. Ez dago seinaleztapenik eta errekak gurutzatzeko ere norberak topatu behar du lekurik egokiena, batzuetan tirolinak erabilita.

- Eta, zer moduz portatu zen eguraldia?
Jon: Zortea lagun izan genuen lehen astean, eta gure helburu nagusienetakoa zen Guillaumet orratza eskalatzeko aukera izan genuen. Animoak hauspotu zizkigun gelditzen zitzaizkigun hiru asteei begira. Dena ikusten genuen egingarri, kar kar kar. Gu egon aurreko urtean, udako denboraldiko hiru hilabeteetan mendira igotzeko aukera bakar bat ere ez zela egon esan ziguten han ezagutu genituen eskalatzaileek. Guk eskalatzeko moduko bi denbora tarte eduki genituen hilabetean. Loteria tokatu zitzaigun.

- Nolakoa da Guillaumet orratzean (2.580 m.) igo zenuten bidea?
Jon: Tontorrera ailegatzeko dauden bideetan errezenetakoa aukeratu genuen: Comesaña-Fonrouge. 400 metroko bidea da, hasieran elur eta izotz bideak eta bigarren zatian granitozko pareta uztartzen dituena. Gora ailegatutakoan ezin da oinez jaitsi eta rapelatuz jaitsi behar da. Joseba: Igo ostean, beste aldetik jaistea erabaki genuen erosoagoa eta zuzenagoa zelako. Kontua da ez dakizula ziur nora eramango zaituen rappelak, ingurune ezezagunean geundelako, bai goranzko bidean eta baita beherazkoan ere. Mendiko gidari batek emandako jarraibideek dezente erraztu ziguten jaitsiera. Alpinismoaren alde eta arte guztiak menperatzea exigitzen du Patagoniak. Elurretan, izotzetan eta haitzean moldatzen jakin behar da.
Jon: Halaxe da. Han ezagutu genuen alpinista batek esan zigun moduan, edozein lekutatik jaisteko artea edo gaitasuna behar da Patagonian. Orratzak eskalatzea gauza bat da, baina gero horiek denetatik jaitsi egin behar da, eta askotan igoerak baino konplikatuagoak dira. Jaitsiera batean harri artean trabatu zitzaigun soka eta hiru bat metroko zatia moztu behar izan genuen. Dauzkazun baliabideekin inprobisatzera behartzen zaituzten mendiak dira.

patagonia joseba elustondo jon garate elgoibar v1

w Patagoniako eguraldi petralak asko baldintzatzen du orduan.
Joseba: Bai demaseko eragina dauka. Han uda izan arren, Chalten herrian elurra egiten ikusi genuen. Eta gero 25 graduko egunak ere izan genituen. Estrategia ondo pentsatzera behartzen zaitu. Hogei orduko eguraldi on tartea izango duzula esaten dute iragarpenek, baina eguraldi ona hasten denean ezin zara irten herritik hogei kiloko motxila batekin, bi soka, kanpin denda... Materiala lagatzeko depositoak egin behar dira aurrez, edo lehenago irten bestela.
Jon: Lehen zailagoa izango zen, 2005. urtera arte ez baitzegoen aurreikuspen metereologiko fidagarririk inguru horretarako. Guk Estatu Batuetako militarrek mundu guztirako erabiltzen duten iragarpen sistema erabili genuen. Virginian dagoen ordenagailu batek esaten dizu Patagonian egingo duen eguraldia. Gainera, nahiko gordinik ematen dituzte datuak, grafikotan. Haizearen indarra nudotan, presioa... han ez da ageri eguzkiaren ikono edo antzerakorik. Interpretatu egin behar dira datuak. Horixe zen jaiki eta egiten genuen lehen lana. Horren arabera antolatzen genituen planak.

- El Chalten herritik abiatzen zineten.
Jon: Bai. Apartamendu moduko batean hartu genuen ostatu. Hotel handi bateko garbitzaileak bizi ziren etxe bateko gela bat... egia esan. Bi baldintza ipini zizkigun etxejabeak, gauean festarik ez egitea eta egunero dutxatzea. Badirudi ondo ezagutzen dituztela eskalatzaileak (irribarrez). Hori bai, Chaltenen hobeto hartzen gintuzten eskalatzaileak trekking zaleak baino. Udan 5.000 biztanle inguruko herri txikia da Chalten, inguruko mendietarako abiapuntua, Pirinioetan Jakatik gertu dagoen Torla izan daitekeen moduan. Duela 15 urte asfaltatu gabe zeuden mendira joateko bideak eta astoak eta erabiltzen zituzten; orain askoz erosoagoa da.

- Ze zirrara eragin zizuen horrenbeste alditan liburuetan eta irudietan ikusitako mendiak aurrez aurre ikusteak?
Jon:Guk egiten dugun eskalada estilorako munduko formaziorik ederrenak dira, bai izotz eta bai haitz eskaladarako. Handitasun horretan egotea sekulakoa izan zen ni moduan sekula Europatik atera gabe dagoen batentzat. Itzela.
Joseba: Hango mendiak, orratzak eta Hego Patagoniako izotz-zelaia egun argi batean ikustea izugarria da, Antartida txiki bat modukoa da. Ur ez gezako munduko hirugarren erreserba handiena ei da Ipar eta hego poloen ondoren. Dena da ikaragarria han. Itsasoa ematen duten 80 kilometro luzeko lakuetan izebergak ikusten dira  ur gainean. Ez dauka zerikusirik hemengo paisaiekin.
Jon: Gainera bakar bakarrik zaude han. Ez dago koberturarik eta erreskaterako ere aukera gutxi. Alpeetan-eta munduko erreskate talde onenak daude, baina han sokalagunarekin bakarrik zaude. Horrek beste puntu bat ematen dio abenturari.

2018 11 15 patagonia joseba elustondo jon garate elgoibar joseba patagonia joseba elustondo jon garate elgoibar jon

- Nolako sokalaguna da Joseba ?
Jon: Ni baino eskarmentu handiagoa du eta lasaitasun handia ematen dit. Badakit berak bere partea ondo egingo duela eta nire hoberena emateko aukera ematen dit horrek. Gaztetasunak badauzka abantaila batzuk, baina fregatu batzuetan sartzera ere eraman zaitzake, eta esperientzia txar bihurtu daitezke horiek. Horregatik asko baloratzen dut Joseba moduko sokalagun zentzuduna. Alberto Iñurrategik esaten zuen moduan "bat ez da batera iristen eta bi bi eta erdi dira".

- Eta zu, Joseba, nola moldatzen zara Jonekin?
Joseba: Konfiantza osoa izan behar da sokalagunean, zure bizitza bere eskuetan baitago mendian. Sokalagunen erlazioari buruz liburu asko idatzi dira. Kimika eta elkar ondo ezagutzea nahitaezkoa da. Jonek badauka asko baloratzen dudan gauza bat, mendirako duen zaletasuna edo motibazioa. Ez ditut bera baino motibatuago dauden asko ezagutzen. Pertsona irekia da gainera, eta beti dago gogoz eta prest edozer gauza berriri ekiteko. Berari buruz horiek dira esan ditzakedanak, publikatzeko behintzat.

- Eta orain zer?
Joseba: Azken hiru urteetan elkarrekin eskalatzen jarduteko zortea izan dugu, eta ahal dugun bitartean eta ametsak eta proiektuak dauzkagun bitartean egongo da motibazioa mendira joateko. Kotoizko Zaindariak dokumentalak ere horren inguruan berba egiten du. Bi lagunen ametsaz eta nola amets horrek aurrera jarraitzeko hauspoa ematen digun. Gu bion pasioa mendia da, eta mendiarekin dute zerikusia gure ametsek, baina beste edozein motatakoak izan daitezke ametsak. Mezu hori zabaldu nahi dugu dokumentalarekin. Borrokatzeko eta ilusionatzeko motibo bat edukitzeaz dihardu, guretzat mendia den moduan ingelesa ikastea edo seme-alabei ahalik eta hezkuntza hoberena ematea edo familia eraikitzea izango dira beste batzuentzat.

2018 11 15 patagonia joseba elustondo jon garate elgoibar jauzia 2018 11 15 patagonia joseba elustondo jon garate elgoibar paretean