Izenaduba basoan dagoen Olentzeroren etxera familia irteera antolatu dute abenduaren 16rako

Barren.eus 2018ko aza. 11a, 19:03

Mungiako Izenaduba basoan dagoen Olentzeroren etxeari bisita egin eta eta bertako pertsonai mitologikoak ezagutzeko irteera antolatu dute Atxutxiamaikaren Kiribilduz egitasmoak eta Ludotekak. Astelehen arratsaldean zabalduko dute izenematea.

Izena emateko epea astelehen honetan, azaroaren 12an, zabalduko dute. 16:00etatik aurrera Elgoibarko Ludotekan eta Elgoibarko Izarraren bulegoan eman ahal izango da izena. Ordainketa izena ematen den unean bertan egin beharko da esku dirutan. Antolatzaileek jakinarazi dute plazak mugatuak direla eta pertsona bakoitzak familia bakar baten izenematea egin ahal izango duela.
Prezioa 15 eurokoa izango da (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideentzako 12 euro). Era berean, 3 urtetik beherako umeek ez daukate ordaindu beharrik. Interesatuek azaroaren 16ra bitartean eman beharko dute izena.
Irteerari dagokionez, 10:00etan irtengo da autobusa Txankakuako geltokitik, eta 18:00etarako itzuliko dira. Norberak bere bazkaria eta merienda eraman beharko ditu, eta antolatzaileek gomendatu dute erropa erosoekin joatea.
Goizean herri kiroletan arituko dira eta bazkal ostean, Olentzeroren etxea bisitatu eta bertako pertsonai mitologiko ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute.

Informazio osoagoa: elgoibarkoizarra.eus

2018 11 09 olentzeroren etxera bisita elgoibar izarra