'Kotoizko zaindariak' film laburra estreinatuko dute eguenean Herriko Antzokian

Barren.eus 2018ko aza. 6a, 14:31

Joseba Elustondo eta Jon Garate mendizale elgoibartarrek Patagoniako Cerro Torre mendian eginiko eskalada saioak jasotzen ditu Kotoizko zaindariak film laburrak, baina hori baino gehiago ere bada ametsei eta erronka pertsonalei buruzko ikusentzunezkoa. "Ideia batek zure burua zeharkatzen duenean, ez dago atzera bueltarik...", diote Garatek eta Elustondok.

Morkaikoren mendi emanaldi zikloan estreinatuko dute Kotoizko zaindariak film laburra. Eguenean, azaroaren 8an, eskainiko dute estreinakoz jendaurrean Elgoibarko Herriko Antzokian. Emanaldia 21:30ean hasiko da. Hamasei minutuko film laburraren ostean, Patagoniako mendi eta granitozko paretetan eginiko eskaladen berri emango dute Jon Garatek eta Joseba Elustondok, eta sortu duten filmaz ere egingo dute berba. Hona Kotoizko zaindariak filmaren aurrerapena.

morkaiko emanaldial Joseba Jon v1

•Hurrengo emanaldiak

2018ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa urriaren 25ean hasi zen, Pyrenees Stage Run: Gure mendi bidaia izeneko emanaldiarekin. Kotoizko zaindariak izango da bigarrena eta Dolomiti: piano piano, si va lontano izango da hirugarren emanaldia, azaroaren 15ean, musika eskolako auditoriumean (20:00). Elgoibarko emakumeek Italiako Dolomita mendietara eginiko "Txitxibilaldia" kontatuko dute. Zikloko laugarren saioan Bilbao Mendi Film Festival jaialdiko bost film labur eskainiko dituzte Herriko Antzokian. Azaroaren 22an izango da, 21:00etan. Alberto Iñurrategi mendizale aretxabaldarrak itxiko du aurtengo zikloa, azaroaren 28an eskainiko duen Porrotaren Alde hitzaldiarekin. Musika eskolan izango da (21:00).

2018 10 02 Morkaiko UMEZ2018 kartela