Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloaren egitaraua ezagutzera eman du Morkaikok

Barren.eus 2018ko urr. 2a, 15:19

Morkaikoren mendi emanaldien zikloa urriaren 25ean hasiko da. Lau saiok eta Bilbao Mendi Film Festivaleko bost film labur eskainiko dituzten emanaldiak osatzen dute 2018ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloaren egitaraua.

Morkaiko Mendizale Elkarteko kideek azaldu dutenez, programa zabal eta anitza osatu dute aurten ere, bazkideen zein herritarren gustukoa izan dadin. "Parekidetasunean" oinarritutako emanaldiak prestatu dituztela ere nabarmendu dute, emakumeen presentzia indartuta. Bost saiok osatzen dute 2018ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa. Bakoitzaren inguruko xehetasunak eman ditu Morkaikok:

  • URRIAK 25, eguena, 20:00etan Musika Eskolako auditoriumean: Ainhoa Lendinez elgoibartarra eta Igone Campos urretxuarra izango ditugu Pyrenees Stage Run: Gure mendi bidaia izeneko emanaldia eskainiz. Zazpi etapatan 240 kilometro eta 15.000 metroko desnibel positiboa duen etapakako lasterketa egin zuten Ekialdeko Pirinioetan.
  • AZAROAK 8, eguena, 21:30ean Herriko Antzokian: Joseba Elustondo eta Jon Garate eskalatzaile elgoibartarrek Patagoniako granitozko mendi gorenetara egindako bidaia kontatuko digute, Kotoizko Zaindariak izeneko filmearen bitartez.
  • AZAROAK 15, eguena, 20:00etan Musika Eskolako auditoriumean: 1984. urtetik urtero-urtero mendi inguru ezberdinetan barrena ibili dira Elgoibarko zein inguruko herrietako hainbat emakume. Txitxibilaldiak taldekoek aurtengo uztailean Dolomitetara egindako bidaiaren nondik norakoak kontatuko dituzte, Dolomiti: piano piano, si va lontano izena jarri dioten hitzaldian.
  • AZAROAK  22, eguena, 21:00etan Herriko Antzokian: Bilboko Mendi Film Festibalak (BMFF) eskaintzen duen Mendi Tour ekitaldia Elgoibarrera etorriko da berriz ere, azken edizioko film interesgarriak eskainiz aurkezle baten gidaritzapean. Aurten bost pelikula zirraragarri eta ezberdin izango dira ikusgai, lau euroko sarrera ordaintzearen trukean.
  • AZAROAK 28, eguaztena, 21:00etan Musika Eskolako auditoriumean: Alberto Iñurrategi alpinista atxabaldar ezagunak Porrotaren Alde emanaldia eskainiko du. "Zer da porrot egitea? Noiz egiten da porrot? Gailurra egitea, askotan, ez ote da porrota ezkutatzeko aitzakia? Zer da Himalayismoa, alpinismoa, mendizaletasuna? Himalaya leku ideal bat dela esana dut. Nola murriztuko dugu, beraz, ideal bat gailurrera? Gailurra posibilitateetako bat besterik ez da. Ezinbestekoa dena mendian, bidea da, alegia, bidegintza, bideak egitea."
2018 10 02 Morkaiko UMEZ2018 kartela 2018 10 02 morkaiko medii film festibal kartela elgoibar

2018 10 02 morkaiko emanaldiak udazkena A15 Txitxibilaldiak dolomitak