Anbotoko Mariren Kobara bisita "magikoa" antolatu du Morkaikok

Barren.eus 2018ko ira. 19a, 13:35

Anbotoko Mariren kobara bisita 'magikoa' antolatu du Morkaikok zapaturako (irailak 22). Iaz ere egin zuten irteera hau eta izan zuen arrakasta ikusita berriro antolatzea erabaki du mendi taldeak.

Jose Luis Diez Txeluk sustatutako irteera da eta Joserra Basaguren abadiñarraren eta Joseba Negugogor Negu durangarraren laguntza izango du gidaritzan. Azken honek, Neguk, Anbotoko Marirekin berba egiten duela dio.

Santa Klarako autobus geltokitik irtengo dira 8:00etan eta 9:00ak aldera Arrazola auzotik abiatuko dira oinez. Mariren kobara heldu aurretik azken metroak sokarekin aseguratuta egingo dituzte, arriskuak eragozteko. Morkaikotik ohartarazi dute irteera hau ezingo dela euriarekin egin kobarako azken metroak irristakor badaude arriskutsuak direlako. Dena dela, argi laga nahi dute bai Joserra Basagurenek eta bai Jose Luis Diezek esperientzi handia dutela, eta beraiek arduratuko direla banan banan beharrezkoa den materiala eta segurtasuna eskaintzeaz.
Mariren koba bisitatu ondoren Anbotoko gailurrera igoko dira. Tontorrean mokadu bat jan eta gero, Zabalandira jaitsiko dira, basoan behera Arrazolara itzultzeko.

Izena emateko 658 740 788 (Txelu) telefono zenbakira deitu behar da.

2018 09 18 anboto mari irteera morkaiko elgoibar 2017 1

Â