Arabako Ozaeta herrian egingo duten Ipuinen Egunera joateko irteera antolatu du Atxutxiamaikak

Barren.eus 2018ko ira. 10a, 09:59

Arabako Ozaeta herriko Otaza auzoan dagoen GaraiOn kultur espaziora irteera antolatu du Atxutxiamaikaren Kiribilduz egitasmoak. Ipuinen Eguna egingo dute han. Era berean, naturako elementuekin egindako artelanak ikusteko aukera egongo da, bertako parajeak bisitatu, naturarekin harreman zuzena izan eta naturan jolastekoa.

Hizkuntzaren familia transmisioan eragiteko asmoz, Ozaetako GaraiOn Sorgingunera familian egiteko irteera antolatu du Elgoibarko Izarraren Kiribilduz egitasmoak, Udalarekin lankidetzan.

Ipuinak balioan jartzeko Ipuinaren Eguna antolatu du Garaion Naturartea Elkarteak, bosgarren urtez. Euskal Herriko 11 ipuinzale eta ipuin kontalarik jardungo dute ipuinak kontatzen, goizez eta arratsaldez. Ipuinez gainera, naturako elementuekin egindako artelanak ikusteko aukera egongo da, bertako parajeak bisitatu, naturarekin harreman zuzena izan eta naturan jolastu.

Irailaren 22an izango da irteera eta irailaren 18a da izena emateko azken eguna. Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 14 euro ordaindu beharko dituzte eta 16 euro gainerakoek (2 urte edo gutxiago duten haurrek doan). Hamaiketakoa, bazkaria, askaria eta arropa erosoa eraman beharko dituzte parte hartzaileek.

  • Izena emateko: KLIK