Goitibeherak egiteko tailerra eta entrenamendu eguna egingo dituzte maiatzeko lehen asteburuan

Barren.eus 2018ko api. 20a, 13:53

Herriko nerabe eta gazteentzako goitibeherak egiteko tailerra eta entrenamendu eguna antolatu ditu Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak maiatzaren 5 eta 6ko astebururako.

Udaletik jakinarazi dutenez, 15 urtetik gorako herriko neska-mutilentzako antolatutako ekintza honen helburuak, herriko gazteen aisia eskaintza indartzea, lokaletako gazteen arteko harremanak sustatzea eta herrigunean gazteen presentzia bermatzea dira.Tailerra maiatzaren 5ean, zapatua, izango da, 16:00etatik 20:00etara, Kalegoen plazan; eta entrenamendu eguna, berriz, maiatzaren 6an, domeka, arratsaldez, Albitzuri industrialdeko aldapan. Izena emateko azken eguna apirilaren 29a izango da. Izena internet bidez eman beharko da ondorengo loturan: https://labur.eus/goitibeherak Ekintzak doan izango dira eta plazak mugatuak. 

Drift Trike ibilgailuak

Tailerra, gai honetan trebezia handia duen Asier Lizarralde elgoibartarrak eta Eskoriatzan, hainbat urtez, honelako tailerrak antolatu dituen Jose Angel Urrutia adituak gidatuko dute. Azaldu behar da, tailer honetan ez dituztela ohiko goitibeherak egingo. Normalean, egurrezko eta errodamenduzko ibilgailuak eraikitzen dira, baina oraingoan, trizikloen antzeko ibilgailuak, “Drift Trike” izenez ezagutzen dituztenak, egiteko tailerra antolatuko dute. San Bartolome jaietako Gazteen Egunean ikusten dira horrelakoak San Roken behera egiten duten goitibehera jaitsieretan.

 goitibeherak tailerra elgoibar sanbartolome drift1

Berrabilitako materialarekin

Berrerabilitako materiala erabiliz eraikiko dituzte goitibeherak. Beraz, parte hartu nahi duten gazteek, aurrez, hainbat material bildu beharko dute. Bizikleta zaharren eskulekuak eta PVCzko aulkiak lortu beharko dituzte. Bide batez, antolatzaileek izugarri eskertuko lukete, etxean horrelako materialik izan, eta ekintza honetarako emateko prest dagoen herritarrik egongo balitz. Horretarako, ondorengo helbide elektronikora idatzi behar dute, eta horren berri eman: gazteria@elgoibar.eus

• Probaketa Albitzuriko aldapetan

Antolatzaileek oso garbi utzi nahi dute, horrelako ibilgailuak ez daudela homologatuta, eta ezin direla kalean erabili. Horregatik hurrengo egunerako, goitibeherak probatzeko helburuarekin, entrenamendu eguna antolatu dute. Albitzuriko aldapetan izango dute gazteek herriko San Bartolome jaietan antolatzen den goitibehera jaitsierarako entrenatzeko aukera ezin hobea.

goitibehera tailerra elgoibar sanbartolo

goitibehera tailerra elgoibar kartela udala