Astelehenetik aurrera eman ahal izango da izena Atxutxiamaikaren eta Ludotekaren udaldian

Barren.eus 2018ko api. 13a, 14:09

Atxutxiamaikaren eta ludotekaren udaldiko aisialdi jardueretan izena emateko epea apirilaren 16an, astelehenean, hasiko da.

Apariketanekoak (HH 2, 3 eta 4) eta Firin-Faranekoak (HH5 eta LH 1) astelehenetik barixakura elkartuko dira elizako arkupeetan eta bi txanda izango dituzte aukeran: ekainaren 25etik uztailaren 6ra eta uztailaren 9tik 20ra (bi txandetan ere joan ahal izango dira). Apariketanekoek 60 euro ordaindu beharko dute txanda bakoitza eta biengatik 108 euro; Firin-Faranekoek, berriz, 75 euro eta 135 euro. Bigarren egitasmo honetakoek eguenetan egun osoko irteerak izango dituzte. Goiz txoko zerbitzua ere izango da aukeran 7:30etik 9:00etara. Aurten, HH 2 eta 3koentzat jolas librean oinarritutako programazio pausatua eta pertsonalagoa proposatu dute.

Abixadanekoak (LH 2 eta 3) 9:00etatik 13:00etara Maalan elkartuko dira astelehenetik barixakura, eta eguenetan, egun osoko irteerak egingo dituzte. Hiru txanda izango dituzte hauek aukeran: ekainaren 25etik 29ra, uztailaren 2tik 6ra eta uztailaren 9tik 13ra. Txandako 33 euro ordaindu beharko dute, eta hirurak eginez gero 100 euro. Bestalde, uztailaren 16tik 18ra egonaldia egingo dute aterpetxe batean. 72 eurokoa da kostua, eta hiru txandak eta egonaldia hautatuz gero, 165 eurokoa.

Azkenik, Aldenik-Aldenekoak (LH 4tik 6ra) uztailaren 2tik 13ra arte izango dituzte jarduerak: astelehenetan goizekoak, martitzenetan arratsaldekoak, eguaztenetan egun-pasak eta eguenetan iluntzepasak. Bestalde, egonaldiak ere izango dira: ekainaren 25etik 28ra, Zuhatzara, eta bestea uztailaren 18tik 20ra (nora ez dute zehaztu oraindik). Zuhatzako egonaldirako 96 euro ordaindu beharko dira; uztaileko jardueretarako, 60 euro, eta bigarren egonaldirako, 75 euro. Eskaintza osoa hartuz gero, 208 euro.

• Zozketa

Aldenik-Aldenekoek apirilaren 22ra arteko epea dute izena emateko eta partehartzaile kopurua gaindituz gero, aurten, estreinakoz, zozketa egingo dute apirilaren 23an,18:30ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.

Udaldirako izena emateko epea apirilaren 27ra artekoa izango da gainerakoentzat eta Elgoibarko Izarran, ludotekan eta www.elgoibarkoizarra.eus webgunean eman ahal izango da izena.

Kuota bi zatitan ordaindu ahal izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, baita Udalak diru-laguntzak emango dituela ere: gizarte izaerako diru-laguntzaren bat jasotzen duten familiei kuotaren  %70 ordainduko die Udalak eta familia ugariei eta guraso bakarrekoei %30a, eta beste horrenbeste bigarren seme-alabaren baten izenematea egiten dutenentzat (bigarrenari aplikatuko zaio). Elgoibarko Izarrako eta ludotekako bazkideek %10eko deskontua izango dute zerbitzu guztietan.