"Kalean otso, etxean uso" umeentzako ikuskizuna, martitzenean Elgoibarren

Barren.eus 2018ko mar. 26a, 12:25

Umeentzako hainbat ekintza antolatu dituzte Elgoibarren udaberriko oporraldirako. Hasteko, martitzenean (martxoak 27), Kalean otso, etxean uso ikuskizuna eskainiko du Patata Tropikala antzerki laborategiak herriko kaleetan.

Aldez aurretik izen-ematea izan duten ekintzez gain, eta oporraldia borobiltze aldera, hainbat ekintza antolatu dituzte Atxutxiamaikak eta Ludotekak; irekiak eta izen ematerik gabekoak.

  •  "Kalean otso, etxean uso" ikuskizuna: Patata Tropical Antzerki Laborategiak, ipuin desberdinak nahastu ditu Kalean otso, etxean uso antzezlanean, bizikidetzaz berba egiteko. Txotxongiloak, antzerkia, ilusioa eta irudimena nahastu dituen ikuskizuna da emaitza. Bolatokiko parkean eskainiko dute martitzen honetan, 18:00etatik aurrera. Euria eginez gero, Maalako parkean izango da emanaldia (HH2-LH6 urte bitartekoentzat).
  • SotoTK: Urte bat eta lau urte bitarteko umeentzako jolasak, tailerrak, eskulanak eta beste hainbat entretenimendu prestatuko dituzte SotoTKn. Kultur Etxeko sotoa izango da, martxoaren 28an, eguaztena. Goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (16:00-19:30). Doakoa den arren, plazak mugatuak direla jakinarazi dute antolatzaileek. 
  • Jolasak eta eskulanak: Apirilaren 6an jolasak, tailerrak eta eskulanak eskainiko dituzte Kalegoen plazan (euria eginez gero, Maalan), 11:30etik 13:30era. Haur Hezkuntzako bigarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren maila bitarteko umeei zuzendutako ekintza izango da.

udaberriko oporrak elgoibar egitaraua