Logotipo berria aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan Morkaikok, 75. urteurrenaren harira

Barren.eus 2018ko urt. 24a, 15:33

Morkaiko Mendizale Elkarteak 75 bete ditu 2018an, eta urteurrena ospatzeko urtean zehar hainbat ekintza antolatzeko asmoa dutela iragarri dute, tartean zenbait ezusteko ere bai. Hasteko, logotipoa berritzeko lehiaketa antolatu dute. Era berean, antolatu nahi duten erakusketa baterako materiala bilatzen dabiltza eta herritarrren laguntza eskatu dute.

Morkaiko mendi taldearen logotipo berria aukeratzeko lehiaketan parte hartu nahi dutenek martxoaren 7rako bidali beharko dituzte lanak morkaiko@morkaiko.eus helbidera. Morkaiko Mendizale Elkartea edo Morkaiko M.E. berbak agertu beharko dira logotipoan eta JPG formatuan bidali behar dira lanak. 

• Bozketa Morkaikoren Egunean
Morkaikoko zuzendaritzak izendatutako epaile talde batek aukeratuko ditu jasotakoen artean zein diren finalera pasako diren lanak. Gero, Morkaikoren Egunean, maiatzaren 12an, Morkaikoko bazkideek (16 urtetik gorakoek) finalera pasa diren logotipoetatik gustukoena bozkatzeko aukera izango dute.
Logotipo irabazlearen egileak 150 euroko erosketa txartela jasoko du saritzat, Morkaikorekin hitzarmenak dituzten dendetan gastatzeko. Lehiaketari buruzko oinarriak hemen

• 75 urteko ibilbidearen erakusketa
1943an sortu zuten Morkaiko Mendizale Elkartea eta mendizaletasuna sustatzen eman dituzten 75 urteotan gauzak nola aldatu diren gogoeta egin dute Morkaikoko gaur egungo arduradunek, "bai Morkaikon gauzak egiteko eran, eta baita mendira joateko edo eta mendia sentitzeko eran ere". Aldaketa horiek guztiak bistaratzeko asmoz, 75 urtetako ibilbidea erakusketa batean laburbildu nahi dute. Horretarako, elkartearekin edota mendizaletasunakin lotura edo harremana duten bitxikeriak jaso nahi dituzte eta herritarrei horien berri emateko eskatu diete. "Bitxikeriak era askotarikoak izan daitezke; batzuk aipatzeagatik: irteeren berri emateko erabiltzen ziren kartelak edo eskuorriak, egutegiak, beste sasoi batzuetako mendiko jantziak eta materiala… Argazkiak eta bideoak ere eskertuko ditugu. Bereziki bideoak", azaldu dute. Horiek guztiak elkarteak Errosario kalean duen egoitzara eramateko eskatu dute. Nahi izanez gero, 636 994 798 telefonora ere dei egin daiteke.

morkaiko logotipoa egoitzan elgoibar 1