Mendi zinemagintzako film onenak eskainiko dituzte Elgoibarren eguenean

Barren.eus 2017ko aza. 6a, 14:54

Bilbao Mendi Film Festivaleko Alpinismoko eta Eskaladako film onenak eskainiko dituzte eguen honetan (azaroak 9) Elgoibarko Herriko Antzokian, Morkaiko mendi taldearen mendiko emanaldien zikloaren barruan. Eñaut Izagirre elgoibartarra da eskainiko dituzten bost filmeetako baten zuzendaria.

Mendi zinemagintzako film onenak eta gaur-gaurkoenak biltzen dituen Mendi Tourrak Elgoibarren egingo du geldialdia, bigarren urtez jarraian. Bilbao Mendi Film Festivalaren iazko edizioan sarituak izan ziren eta gehien nabarmendu ziren filmak erakusten dira Mendi Tourrean. Euskal Herriko hainbat hiri eta herritatik, eta Madril, Luz Saint Sauveur, Vielha, eta beste hainbat aretoetan pasatu da 2017an.
Morkaiko Mendizale Elkartea, Danobat Group eta Ongarri Zinekluba dira Mendi Film Festivalak antolatutako ekitaldi honen babesleak. Herriko Antzokian izango da azaroaren 9an, 21:00etan hasita, eta sarrerak eskuragai daude, 4 euroan, Lanbroa tabernan eta Pitxintxu opari dendan, eta egunean bertan Herriko Antzokian ere salduko dituzte 20:30etik aurrera.
• Eñaut Izagirrek zuzendutako filma
Bost filma eskainiko dituzte Elgoibarren, esplorazio glaziarra, alpinismoa, high-line eta BASE jauziak, eta haitz eskalada uztartuz, Patagoniatik Himalaya eta Karakorumera, British Columbiatik Verdongo harroiletara, paisaia eta mendigune zoragarrietan barrena bidaiatzeko aukera izango du ikusleak. Filma horietako batean, Incognita Patagonia, Eñaut Izagirre elgoibartarra da protagonistetako bat -eta filmaren zuzendaria-, glaziologoa eta mendizalea bera, izen bereko espedizioagatik National Geographic Young Explorers eta Takolo Bekak eta Espainiako Mendi Federazioaren Europatik kanpoko jarduera alpinistiko onenari saria jaso zuena 2016an; berak aurkeztuko du filma Herriko Antzokian. Filma guztiak jatorrizko bertsioetan eskainiko dira, azpidatziekin lagunduta. Zineuskadi da horretan Mendi Tourraren garapena laguntzen duena, euskal herrietan bidelagun izanez.
Elgoibar Mendi Tour 2017 egitaraua:

  • ANNAPURNA III UNCLIMBED 2016, Austria, 12 min Zuzendaria: Jochen Schmoll JB: en/ger AZP: es/eu. David Lama, Hansjörg Auer eta Alex Blümel austriarrak, inoiz inork egin gabeko erronka batean: Annapurna III-an hegoekialdeko pilarea.
  • BOYS IN THE BUGS BMFF 2016 Eskaladako Film Onena 2016, AEB, 18 min Zuzendariak: Zachary Barr, Peter Motimer eta Nick Rosen JB: en AZP: es/eu. Matt Segal eta Will Stanhope hamarkada batez ari dira munduko arrakala zailenak eskalatzen. Orain Bugaboo mendietara joko dute mailaz kanpoko arrakala bat eskalatzeko; estua oso, hatz puntak baino ez dira sartzen haietan. Haien bizitzak aldatuko dituen urteetako bilaketa epikoaren abiapuntua da.
  • LINK SAR WEST BMFF 2016 Alpinismoko Film Onena 2016, Erresuma Batua, 32 min Zuzendaria: Jonathan Griffith JB: en AZP: es/eu. Jonathan Griffith alpinista eta argazkilaria, eta obsesio duen goi mailako erronka: Link Sar (7041m, Karakorum).
  • METRONOMIC 2015, Frantzia, 15 min Zuzendaria: Vladimir Cellier JB: fre AZP: es/en. Artista bilkura eta uztarketa magikoa, Verdongo haitzarteetako skyline-tan.
  • INCOGNITA PATAGONIA 2016, Euskal Herria Zuzendaria: Eñaut Izagirre JB: en AZP: es/eu. Eñaut Izagirre, Ibai Rico eta Evan Milles Patagoniako azken izotz zelaiaren esplorazioan: eskalada, glaziarren kartografia, eta Cloue izotz zelaiaren zeharkaldia (Hoste irla, Hegoamerikako hego puntan) uztartzen dituen ikerketa historikoa.

morkaiko emanaldiak mendi tour