Morkaikoren mendi emanaldien zikloa azaroaren 2an hasiko da

Barren.eus 2017ko urr. 25a, 14:44

Morkaiko Mendizale Elkarteak 2017ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloaren egitaraua ezagutzera eman du. Bost saio edo emanaldik osatzen dute aurtengo zikloa. Azaroaren 2an, eguena, izango da lehen emanaldia eta azaroaren 30ean azkena.

Morkaikoko arduradunek nabarmendu dutenez, ahalik eta programa zabal, interesgarri eta erakargarriena osatzen saiatu dira aurten ere. Bost saio edo emanaldik osatzen dute 2017ko Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa.

  • Erlantz Gonzalez anoetarrak 'Peru, hirutik bat' izeneko ikusentzunezkoa eskainiko du, azaroaren 2an, Lanbroa tabernan, 21:30etik aurrera. Hiru mendi eskalatzeko beste horrenbeste saiakera egin zituzten Peruko Mendilerro Zurian eta Alpamayo mendira (5.947 metro) eginikoa bakarrik lortu zuten gauzatzea, hortik izenburua. Horixe izango da aurtengo mendi emanaldien zikloko estreinako saioa.
  • Iaz hasitako bidetik, Bilboko Mendi Film Festibal entzutetsuak eskaintzen duen Mendi Tour ekitaldia eskainiko dute aurten ere Herriko Antzokian, azaroaren 9an. Bost film labur eskainiko dituzte, eta Incognita Patagonia izango da horietako bat, Eñaut Izagirre elgoibartarrak zuzendutako filma, Patagonian egin zuten espedizioa jasotzen duena. Eñaut berak Metronomic izeneko filma ere nabarmendu du. "Musikazaleei gustatuko zaie, musika eta mendia uztartzen dituen 15 minutuko film laburra baita", esan du.
  • Hirugarren saioan, azaroaren 14an, Peruko Huayhuash mendikatera eginiko eskalada espedizioaren berri emango du Ihintza Elsenarrek. Musika eskolako auditorioan izango da, 19:00etan.
  • Azaroaren 16an, berriz, Txabolaren para-sherpakadak izeneko saioa eskainiko du Iosu Juaristi "Txabola" elgoibartarrak. Gauza serioei buruz umore ikutuarekin arituko dela aurreratu dute Morkaikotik. Parapentearekin egiten dituen hegaldien berri emateaz gainera, Maite Maiora antxintxikari eta bikotekidearentzako egiten dituen "sherpa" lanak ere kontatuko ditu Txabolak: logistika eta prestaketa lan guztiak, autokarabanan egiten dituzten kilometroak... isilean eta ezkutuan gelditzen den lana bistaratuko du Lanbroa tabernan emango duen berbaldian (21:30).
  • Azken saioan 2014ko emanaldietan ere parte hartu zuen Mikel Sarasola piraguista izango da gonbidatua. Abentura ur berrien bila: Nepal eta Groenlandia ikusentzunezkoa eskainiko du oraingoan. Nepaleko eta Groenlandiako ibai basatietan bizitako abenturak azaltzen dituen bi filma dira. Azaroaren 30ean eskainiko ditu Elgoibarko Herriko Antzokian (21:00).

Morkaiko UMEZ2017 kartela elgoibar ona