Blandiblu tailerra antolatu dute Elgoibarko liburutegian

Barren.eus 2017ko urr. 10a, 12:01

Irailean antolatu zuten blandiblu tailerrak Elgoibarko umeen artean izan zuen arrakasta ikusita, beste bi saio gehiago antolatu ditu Gotzon Garate Udal Liburutegiak.

Urriaren 19an, eguena, blandiblu tailer berriak eskainiko dituztela jakinarazi du Gotzon Garate Udal Liburutegiak, Mad Science-eko zientzialarien eskutik. Lehen saioan, 17:00etan, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako umeek parte hartu ahal izango dute eta LH4 eta LH5 mailetako umeentzako saioa 17:45ean hasiko da. Aurrez liburutegian izena ematea "ezinbestekoa" izango dela ohartarazi dute antolatzaileek. Izan ere, joan den irailaren 27an eskaini zuten tailerrera 80 ume baino gehiago agertu ziren, baina guztientzat material nahikorik ez zegoela-eta denek ezin izan zuten parte hartu. Liburutegiko arduradunek azaldu dutenez, LH2 eta LH3 mailetako ikasleak liburutegira erakartzeko antolatzen dituzte era honetako saioak. "Hirugarren blandiblu tailerra izango da hau eta sumendiak egiteko ikastaro bat ere antolatu genuen. Tailer hauen bidez umeei liburutegia ezagutaraztea da gure asmoa".
Ez da gaur goizekoa Blandi Blub edo blandiblu jolasa. Mattel jostailu etxeak kaleratu zuen Amerikako Estatu Batuetan, Slime izenarekin, 1976. urtean. Ordudanik, ume askoren jolas gustukoena izan zen muki berde bat dirudien subtantzia likitsua. Elgoibarko liburutegian eskainiko duten saioan blandiblua egiten erakutsiko diete umeei eta egindakoa etxera eramateko aukera izango dute.

• Ingelesa, frantsesa eta alemana lantzeko  mintzapraktikak Elgoibarren
Elgoibarko Gotzon Garate udal liburutegiak jakinarazi du aurten ere antolatu dituztela ingelesa, frantsesa eta alemana lantzeko mintzapraktikak. Saioak dinamizatzaile batek zuzenduko ditu eta berak jarriko ditu mintzapraktirako gaiak. 16 urtez gorakoentzako mintzapraktikak dira, eta interesatuek liburutegian bertan eman behar dute izena. Urriaren 11 da azken eguna. Inprimaki bat bete beharko da horretarako. Antolatzaileek zehaztu dute ez direla hizkuntza ikasteko eskolak izango, baizik eta aukeratutako hizkuntza giro lasai batean erabiltzeko gunea.

blandiblu elgoibar liburutegia