Elgoibarko Ludotekaren eta Gaztelekuaren logotipoak aukeratzeko lehiaketa abian da

Barren.eus 2017ko mai. 15a, 14:52

Elgoibarko Ludotekak eta Gaztelekuak hamargarren urteurrena beteko dutela-eta, udal zerbitzu horietako logotipo berriak aukeratzeko lehiaketa antolatu du Elgoibarko Udalak.

Elgoibarko Udalak, elgoibartar guztiei zuzendutako lehiaketa antolatu du, Ludotekaren eta Gaztelekuren logotipoak berritzeko asmoz. Ekainaren 8a baino lehenago aurkeztu behar dira logotipoak Udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Santa Ana kalea, 2; Sarrera Giza Eskubideen parketik). Partaide bakoitzak gehienez ere, lau logotipo (bi Ludotekarako eta bi Gaztelekurako) aurkeztu ahal izango ditu, eta ezingo ditu aurkeztu beste lehiaketa batean saritutako lanak.

Epaimahaia ekainaren 9an bilduko da, eta era desberdinean osatuko da. Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen arloko teknikaria eta zinegotzia, Ludotekako hezitzaile ordezkari bat, Ludotekako bazkide den haur bat eta arte grafikoetan aditua den pertsona batek Ludotekako logotipoa aukeratuko dute. Eta Gaztelekuko logotipoa, berriz, Udaleko haur, nerabe eta gazteen sustapen arloko teknikaria eta zinegotzia, Gaztelekuko hezitzaile ordezkari bat, Gaztelekuko erabiltzaile den nerabe bat eta arte grafikoetan aditua den pertsona batek aukeratuko dute.

Bi sari banatuko dituzte: bat Ludotekaren logotipoarentzat; eta bestea, Gaztelekuarenarentzat. Irabazleek Elgoibarko dendetan erosketak egiteko 500 euroko baleak jasoko dituzte.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 11n, Trinitate Egunean, egingo da Maalan, 17:00etan.

Informazio osoagoa: Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailean: Tlf: 943 741 050; gazteria@elgoibar.eus. www.elgoibar.eus webgunean edo Ludotekan: 943 74 88 83; ludoteka@elgoibar.org