'Mendaro bizikletaz' ekimena egingo dute domekan

Barren.eus 2017ko mar. 21a, 13:24

Mendaroko txokorik ezezagunenak bizikleta gainean ezagutzeko asmoz, Mendaro bizikletaz ekimena antolatu du Arno Guraso Elkarteak Mendaroko Udalaren laguntzaz. 

Domekan, hilaren 26an, izango da bizikleta irteera. Herriko Enparantzatik abiatuko dira 10:00etan. “Oraingoan mendi tontorrak alde batera utzi eta bizikleta hartuta bueltatxo bat ematea erabaki dugu. Mendaroko inguru batzuk batzuentzat ezezagunak direla-eta, Mendaroko bazterrak bisitatuko ditugu bizikleta hartuta”, jakinarazi dute Arno Guraso Elkarteko arduradunek. 

Bi ibilbide prestatu dituzte. Kilometro eta erdiko luzera izango du ibilbide motzak: Herriko Enparantzatik Lizarolaraino. Ibilbide luzeak, berriz, 2,5 kilometroko luzera izango du. Herriko Enparantzatik abiatu eta Lizarola eta Industrialdetik pasa ostean, Plaza auzoan amaituko da. Adin guztietako lagunek egiteko moduko ibilbideak direla nabarmendu dute antolatzaileek. Hamaiketakoa eta ura eraman beharko dituzte parte hartzaileek. 

• Izena emateko

Izena emateko azken eguna martxoaren 24a, barixakua, izango da. Interesatuek arnomendiage@gmail.com helbidera idatzi behar dute, joango diren lagunen izen-abizenak, haurren ikasturte maila eta telefono zenbaki bat adieraziz. 

mendaro bizikletaz mte tb