Aisia

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

neguko oporraldia elgoibar hezitzaileak1Elgoibarko Izarrako aisialdi taldeak, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan, haur eta gazteentzako eskaintza oparoa prestatu du neguko oporraldirako. Atxutxiamaikak eta Ludotekak eskaintza bateratua egingo dute etxeko txikienentzako, eta Gaztelekuak bestalde, gazteentzako ekintzak prestatuko ditu. Parte hartu nahi dutenek azaroaren 14tik 25era daukate izena emateko aukera.

Haur Hezkuntzako bigarren mailatik hasita Lehen Hezkuntzako seigarren mailara arteko umeentzako eskaintza prestatu dute Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika Sailak eta Ludotekak elkarlanean. Ekintza horietan parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, eta antolatzaileek esandakoaren arabera, plazak mugatuak izango dira. Ekintza bakoitzak bere prezioa izango du, eta nahi izanez gero, bi epealditan ordaintzeko aukera ere badago. Interesatuek azaroaren 14tik 25era bitartean eman beharko dute izena Elgoibarko Izarran, Ludotekan edo www.elgoibarkoizarra.eus webgunean. Lau adin tartetan banatu dituzte haurrak, eta adin tarte bakoitzera egokitu dituzte planak:

• 1. Apariketan (HH2-HH4)

Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era izango da, 9:00etatik 13:00etara. HH2tik HH4ra bitarteko umeak parrokiako arkupeetan batuko dira, Apariketan jolasteko. Eskaintza honen prezioa 65,5 eurokoa izango da (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 59 euro). Nahi duenak goiz txoko zerbitzua kontratatzeko aukera izango du 7:30etik 9:00etara.

 negukooporraldia apariketan elgoibar

• 2. Firin-faran (HH5-LH1)

HH5etik LH1era bitarteko haurrak ere Parrokiako arkupeetan ibiliko dira Firin-faran, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era. Horrez gain, urtarrilaren 3an egun osoko irteera bat egingo dute, arratsaldeko 18:00ak arte. Eskaintza honen prezioa 69 eurokoa izango da (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 62 euro). Egitasmo honen ordutegia 9:00etatik 13:00etara izango da, baina adin tarte honetako umeentzako ere eskainiko dute goiz txoko zerbitzua.

 negukooporraldia firinfaran elgoibar

• 3. Abixadan (LH2-3)

Maalako parkean batuko dira abenduaren 26an, 28an, 30ean eta urtarrilaren 2an, eta urtarrilaren 4an egun osoko irteera egingo dute, 18:00ak arte. Eskaintza honek 40 euro balio ditu (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 36 euro). 9:00etatik 13:00etara bilduko dira, baina nahi duenak goiz-txoko zerbitzua izango du aukeran, 7:30etik 9:00etara. Abixadan programan izena ematerakoan umeek gurasoekin betetzeko atal bat egongo da, izan ere, arduradunek umeen gustuak ezagutu nahi dituzte, ekintzak haurren neurrira prestatzeko.

 negukooporraldia abixadan elgoibar

• 4. Aldenik-alden (LH4-6)

LH4tik 6rako umeentzako Aldenik-alden egitasmoa prestatu dute, baina ekintzak oraindik zehazteke daude, izan ere, gaztetxoekin eurekin adostu nahi dituzte ekintzak. Horretarako azaroaren 25ean batuko dira Ludotekan, 18:00etan. Abenduaren 27an egun pasa joango dira Iruñeko izotz pistara, 12 euroko prezioan (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 11 euro). Abenduaren 29an, bestalde, arratsalde pasa joango dira. Irteera honek 6,5 euro balio ditu (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 5,5 euro). Abenduaren 30erako kotiloia antolatu dute. Kotiloiak 3,5 euro balio ditu (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 3 euro). Azkenik, urtarrilaren 3rako beste goizeko ekintzaren bat aurreikusi dute. Azken honek 6,5 euro balio ditu (Elgoibarko Izarrako eta Ludotekako bazkideek 5,5 euro).

 negukooporraldia aldenikalden elgoibar

• Gaztelekuaren eskaintza

Gaztelekuak bestalde, DBHko eta Batxilergoko nerabeentzako eskaintza egingo du. Batzarra egingo dute lehenengo, gazteen nahiak eta beharrak ezagutzeko. Azken batean, nerabeen partehartzean oinarritutako eskaintza prestatu nahi dute. DBH1 eta 2. mailako ikasleen batzarra azaroaren 20an izango da, 17:30ean; eta DBH3-4 eta Batxilergokoen asanblada berriz azaroaren 19an egingo dute, Gazte Gaua ospatuko dutela aprobetxatuta, 21:00etatik aurrera. Batzarrak bereiztuta egingo badituzte ere, ekintzak batera ere egiteko aukera egongo da.

 neguko oporraldia elgoibar hezitzaileak tarinera

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza