Bilbao Mendi Film Festibaleko lan onenak, Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2016ko aza. 2a, 16:50

 Morkaikoren udazkeneko mendi emanaldien barruan, Bilbao Mendi Film Festibala Elgoibarrera ekarriko dute gaur, azaroak 2. Eskalada eta eskiari buruzko hiru film eskainiko dituzte Herriko Antzokian.

Hiru film eskainiko dituzte gaur Elgoibarko Herriko Antzokian (21:00), eta horietako bat iazko Bilbao Mendi Film Festibalean saritutako film bat izango da. 

  1. Lehenengoa, Big men, Pou anaiak protagonista dituen filma. Kirol eskalada izango da gaia, baina sormenarekin lotuta. Jordi Canyigueral zuzendari kataluniarrak eskalatzerakoan eskuek horman egiten duten lana eta Tarragonako eskultore baten lanak parekatu ditu.
  2. Bigarrena Eclipse film kanadirra izango da. Ilargi eklipse baten argazkia lortzeko Artikora eginiko bidaia kontatzen du filmak. Argazkigintza, kirola eta mendia uztartzen dituen laburmetraia da.
  3. Eta hirugarrena, A line across the sky. 40 minutuko film labur honek eskalada film onenaren saria lortu zuen iaz Bilboko festibalean. Orain dela bi urte Patagoniako Fitz Roy mendira espedizioa egin zuten Alex Honnold eta Tommy Caldwell-ek eta ekintza horrengatik urrezko pioleta jaso zuten. Jarduera oso ona eta umorea uztartzen direla film honetan azpimarratu dio Jabier Baraiazarra, Bilbao Mendi Film Festibaleko zuzendariak BARREN aldizkariari eskainitako elkarrizketan.

Bederatzigarren edizioa du aurten Bilboko festibalak, eta urtetik urtera handitzen doa. Aurten 150 film aurkeztu dituzte festibalerako, eta horietatik 43 aukeratu dituzte antolatzaileek lehiaketarako.

A Line across the sky filmeko trailerra: