‘Daixola’ programan izena emateko epea zabalik da

Barren.eus 2016ko ira. 29a, 13:24

Elgoibarko Izarraren Daixola! egitasmoan izena emateko epea urriaren 6an amaituko da. LH4-6 urte bitarteko umeentzako programa da, eta euskaraz ondo pasatzeko helburuarekin sortu zuen Elgoibarko Izarrak duela bi urte, Elgoibarko Udalarekin lankidetzan. Aurten aldaketa batzuekin dator egitasmoa.

Atxutxiamaika aisialdi taldearen baitan sortu zen Daixola! izeneko egitasmoak ikasturte berria hasiko du aurki eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Aurten aldaketa batzuekin dator Daixola! koadrilaka beharrean, taldeak adinka sortuko dira, haien intereseko gaien arabera. Hala, Daixola! programa 10-12 urte bitarteko gaztetxoek egin nahi dituzten planak gauzatzen laguntzeko programa izango da, besteak beste, ikastaroak, irteerak, asteburu pasak, e.a. Elgoibarko Izarrak Elgoibarko Udalarekin lankidetzan sortutako proiektu honetan izena ematen duten gaztetxoek euskaraz jarduteko konpromisoa hartu behar dute. Izan ere, proiektuaren helburua hizkuntza ohituretan eragitea da.

•Izena emateko
Parte hartu ahal izateko ume bakoitzak 50 euro ordaindu behar ditu (Elgoibarko Izarrako bazkideek, 45 euro). Kuota bi zatitan ordaindu daiteke. Internetez, izena emateko formularioa beteta, edo Elgoibarko Izarraren bulegoan eman daiteke izena (Ubitarte 4, behea)

  • Informazio gehiagorako 943 741 626 (Amaia) telefonora deitu daiteke, edo honako e-posta helbidera idatzi: aisia@elgoibarkoizarra.eus