Trapujale txotxongilo ikuskizunarekin hasiko da Kiribilduz egitasmoaren udaberriko egitaraua

Barren.eus 2016ko api. 29a, 06:34

Kiribilduz egitasmoaren udaberriko eskaintza gaur, hilak 29, hasiko da. Lehenengo jarduera txotxongilo erraldoi eta zuzeneko musikarekin egingo duten Trapujale ikuskizuna izango da. Hurrengo astebururako, berriz, Ekogunera familia irteera antolatu dute.

Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika aisialdi taldeak familiaren bitartez euskararen transmisioan eragiteko jarri zuen abian Kiribilduz programa Elgoibarren.

Besteak beste, 3 eta 8 urte arteko umeak dituzten familietan euskararen eta euskal giroaren aldeko jarrera positiboa indartzea da egitasmo honen helburua. Horretarako hainbat motatako saioak egiten dituzte, gehienak barixaku arratsaldeetan. Atxutxiamaikak dinamizatzen dituen kantu, dantza eta jolasak izaten dira batzuk edo kanpotik ekarritako bestelako ikuskizun edo jarduerak besteak. Barixakuetako jarduerez gain, asteburuetako beste hainbat eskaintza ere egiten ditu Atxutxiamaikak Kiribilduzen baitan. 

Trapujale ikuskizuna

Udaberrian sartuta Kiribilduzek ere martxan jarriko du bere egitaraua gaur, barixakua, 17:30ean Kultur Etxeko sotoan. Lehenengo jarduera txotxongilo erraldoi eta zuzeneko musikarekin egingo duten Trapujale ikuskizuna izango da. Lezoko Orratx! Antzerki Taldeak haien 20. urteurrenaren harira sortutako ikuskizuna da Trapujale. 

•Ekogunera irteera

Datorren astebururako beste bi jarduera antolatu dituzte. Barixakuan, ekainaren 6an Kiribilen ikuskizuna izango da Maalako parkean, 17:30ean, umeak girotzeko. Bestalde, Ekogunera familia irteera iragarri dute zapaturako (maiatzak 7). Bertan, naturarekin jolasteko eta ikasteko aukera izango dute besteak beste baratza ekologikoa ezagutuz eta haur-parkean jolastuz. Irteerarako izena eman nahi dutenek www.elgoibarkoizarra.eus webgunera jo behar dute. 

Kiribilduzen udaberriko egitarauaren baitan, maiatzaren 13an eta ekainaren 10ean Kiribilen ikuskizunak izango dira Maalan; maiatzaren 29an, Familia Eguna San Pedron; eta ekainaren 11n eta 12an familientzat asteburuko egonaldia Hondarribiko aterpetxean. Maiatzaren 9an irekiko da azken horretarako izena emateko epea.

kiribilduz egitaraua Elgoibar