Ahotsak.com

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Elgoibarren angulak, aingirak, amuarrainak edo barboak arrantzatzen zituzten garaiak ezagutu zituzten elgoibartarren testigantzak jasota dituzte ahotsak-eus webgunean. Montes aldizkariak 1949. urtean argitaratu zituen estatistiken arabera, 1947. urtean Deba ibaian 185 kilo amuarrain, 175 kilo angula eta 35 kilo barbu arrantzatu ziren.

Pedro Barrutia Mendikutek (Elgoibar, 1920-2005) akorduan ditu Deba ibaian arrantzan egiten zituen garaiak ahotsak.eus webgunean jasota duten testigantzan. Besteen otarrak zaintzen egoten ziren, ea zer harrapatzen zuten. Arrainak harrapatu eta tabernara joaten ziren gero arrantzatutakoa "ixilikan, inor enterau gabe" bazkaltzera. Angulak egoten ziren errekan eta baita aingirak ere. Bere estreinako aingira non eta nola harrapatu zuen ere azaltzen du Barrutiak. "Hamen aurreraka juten da, baiña gero ixotzeko gora, hau e… odolgixa esaten gendun guk "musgo" esaten da erderaz. Ta horren bittartian sartu buztana ta dzi, dzi, dzi! Baiña bixkor gora, e! juten da", dio aingirez.

 • Etxeko leihotik arrantzan
Ignacio Retolazak ere ezagutu zuen gure herriko ibai eta erreketan arrantzatzea zer den, 1997an BARREN aldizkarian argitaratutako erreportaje batean kontatzen zuen moduan. Etxeko leihotik behera kainabera bota eta barboak, loinak edo bestelakoak harrapatzen zituen gaztetan. Garai hartan ibaia garbi garbia zetorren. Urek ez zuten inolako kutsadurarik jasan behar eta batean zein bestean ibiltzen zen jendea bainatzen, “Errotatxo aldean andrak bainatzen ziren eta gizonak erreka haundian”. Ur gardenetan sartu eta era guztietako arrainen artean igeri egiten ikastea benetan ederra zela dio, berak halaxe ikasi zuelako igerian.
Hiru presa zeuden duela urte batzuk Elgoibarren: Sigma parean bata, Errosario kalean bestea eta San Antolinen hirugarrena. Eta, horietako bakoitzean arrain desberdinak bizi omen ziren. “Presa azpian ezkerrera angila egoten zen eta eskumara amuarraina. Potzuan, azpian kangrejua ur gutxi zegoenean. Beherago, berriz, barboa”.

Gezurra dirudien arren, 1949an bost kilo baino gehiagoko barbo batzuk harrapatu zituzten Elgoibarren, eta horietako batek 6,250 kg pisatzen zituen. 3,55 kiloko aingira bat ere aipatzen da. Era berean, diotenez, Antonio Arrillaga medikuak, Melitongo hiltegi zaharraren ondoan hamabi dozena loina arrantzatu zituen arratsalde batean. (DATUAK: Ibaiko arrantza Gipuzkoan, 1947an)

 • Santi Apraiz, Deba ibaiko arrantzale onenetarikoa 

Aintzinako lanbideei buruzko atalean gipuzkoa.eus webgunean jasota dutenez, Santiago Iriondo Gabilondo, Santi Apraiz ezizenez ezaguna zena, Deba ibaiko arrantzale onenetarikoa zen. Barrez isilean arrantzatzen zuela aurpegiratzen ziotenean, hau erantzuten zuen: "Santi Apraizek hibaia mejoratu egiten jok: nik arrain tontuenak arrapatzen jai-txuak. Badator hor goitik hibaia galduko duen hainbat zikinkeri" (Santi Apraizek ibaia hobetzen du, nik arrain tontoenak harrapatzen ditut. Badator hor goitik ibaiak galduko duen hainbat zikinkeri).

 • Guardia Zibilek zuten errekak zaintzearen ardura

Ibaia garbi eta arraina ugari. Baina arrantzan ibiltzea ez zen guztiz librea. Izan ere, Udaleko ordenantzek edozein arrantza mota egitea debekatu egiten zuten. Guardia Zibilek zuten errekak zaintzearen ardura eta arrantzaleek denetik egin behar izaten zuten haien bistatik ahalik eta urrutien egoteko. Esate baterako, kuadrila bat ibai bazterrean arrantzan zegoenean, norbait bizikletaz gora eta behera ibiltzen zen. Guardia Zibilak hurreratzen zirela ikustean, arrantzaleei abisua ematen zien. Bestetan, ibai ondoko baserritarrek Guardia Zibilak entretenitu egiten zituzten eta bitartean norbait arrantzaleengana joaten zen abisua ematera.
Ignacio Retolazak gogoan duenez, 1955ean jasan zuen lehen kutsadura larria Deba Ibaiak. “Maltzagan zianuro garrafa bat jausi eta apurtu egin zitzaien trenean sartzen ari zirela. Harek hartu eta, inor ez enteratzeko edo, errekara bota zuten. Elizara joateko irten nintzen etxetik baina zubira begiratu eta loinak, barboak eta amuarrainak saltoka eta saltoka kanpora ateratzen ikusi nituen”.

ARGAZKIAK: Beheko argazkian, emakume batzuek Deba ibaian arrantzan, Mendiolako zentraletik gertu, Maltzaga eta Soraluze artean zegoen Orbea izeneko eremuan (argazkia www.gipuzkoa.eus-etik hartua). Goiko argazkian Inazio Retolaza ageri da, 1967an, Deba ibaiko azken barboak arrantzatzen, Melitongo presan. 

Olasoate

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza