Ahotsak

'Rio Ego' Debako ontziolan egindako itsasontzirik handienaren ureratzearen lekuko, 1920an

Barren.eus 2019ko mar. 31a, 20:58

Debako ontziolan eraiki zuten Rio Ego itsasontzia, egurrez egindako garaiko handienetakoa (1.200 tona pisatzen zituen). 1920ko irailaren 29an, San Miguel egun batez, itsasoratu zuten eta demaseko ikusmina sortu zuen bailaran. Juanito Arrieta elgoibartarrak 15 urte zituen, eta aitaren furgoneta zaharrean joan zen Debara, ureratzea ikustera. Ahotsak.eus.en dute jasota Arrietaren lekukotza.

Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzen dituen ahotsak.eus webgunean dute jasota Juanito Arrietaren (Elgoibar, 1905-2000) testigantza, bi audio artxibotan. Kontatzen duenez, San Migel eguna erdi-jai izaten zen eta gertakizun handia izango zela eta, aitaren furgoneta zaharrarekin Debara joan ziren "hamasehi bat lagun". Angel Unzueta elgoibartarra erabiltzen zuten txofer moduan aitaren garraio horrekin, Elgoibarko estreinako autoetako bat.

Rio Ego izeneko itsasontziaren ureratzea ikustera joan ziren Debaraino, beste hainbat herritar moduan, Indalecio Ojanguren Arrillaga (1887-1972) argazkilari eibartarraren argazkietan ikus daitekeen moduan. Ontzi handia zen, "inguruetan inoiz ikusi gabekoa". Garaiko prentsan ere oihartzun handia izan zuen, espainiar estatuan eraiki zuten egurrezko ontzirik handiena baitzen. Gastañaga eta Errasti eibartarrak ziren ontziolako nagusiak. Debako ontziolan Arrantzarako ontziak egiten zituzten normalean, baina hau berezia izan zen. "Merkantea zen, beleroa eta lau poste altu zeuzkan beren belarekin. Posteak eta bela haundi horiek Zumaian jarri zizkioten". Arrietak entzun zuenez, lehenbiziko bidaia Kubara egin zuen azukretara. 

 • Deba ibaiko ontziolak

Luis Aramberri Mendizabal Amatiñok ere izan zituen hizpide Rio Ego itsasontzia eta Deba inguruko ontziolak, bere blogean. Bertan azaltzen duenez, ontziolak zeharo garrantzitsuak izan ziren Deba ibaian XVII eta XVIII mendeetan, Deba herri-inguruan ezezik baita Sasiolan eta Astigarribian ere. Hain zuzen ere, Sasiolako ontziolen lehen agiriak bertako komentua (San Frantzisko) eraikitzeari ekin aurrekoak dira, Roque Aldabaldetreku zenak adierazi bezala (Debako Udalerria. Alderdi historikoak bertako dokumentuetan oinarriturik. 1294-1894. Donostia, 1996). Antxon Aguirre Sorondo (1946-2014) etnografoak idatzitako artikulo batean aipatu zuenez, Gastañaga eta Errasti eibartarrek Lehen Mundu Gerra hasi zenean eraiki zuten ontziola Deban. Geroago Plasticas Reiner enpresa egon zen lekuan egon zen ontziola hori.

ahotsak rio ego ureratzea deba indalecio ojanguren guregipuzkoa