Ahotsak

Ahotsak.eus proiektuak jasoko du 2018ko Anton Abbadia saria

Barren.eus 2018ko aza. 12a, 18:35

Ahozko ondarea jaso, berreskuratu eta zabaltzeko sortu zuten Ahotsak proiektua 2003an. Urteotan euskararen alde egin duen lana saritzeko emango diote Abbadia saria, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Elgoibarko 89 hizlariren 1.500 pasarte baino gehiago dituzte jasota ahotsak.eus webgunean eta Mendaroko 19 hizlariren 262 pasarte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen Anton Abadia saria Ahotsak proiektuarentzat izango da aurten. 

Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek gaur goizean jakinarazi duenez, Euskal Herri guztiko eta euskalki guztietako ahozko testigantzak etengabe jaso eta sarean eskumen librean jartzeagatik saritu dute ahotsak.eus webgunea. Aho batez hartu du erabakia epaimahaiak. Saria bera, Arrate Rodriguez artistak egindako oroigarria, azaroaren 30ean jasoko du elkarteak. Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkartearen proiektu nagusia da Ahotsak.

 Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea jasotzeko sortu zen Euskal Herriko Ahotsak orain dela hamabost urte. Sariak ilusio "izugarria" egin diela esan dute Ahotsak-eko ordezkariek. "Pertsona askoren lanari esker egin du aurrera, elkarlanean oinarrituta: 'Guztion artean, guztiontzat', horixe da gure leloa", adierazi dute Abbadia saria jasoko dutela jakitean.

 • 5.700 pertsona baino gehiagoren testigantzak
Orain arte 5.700 pertsona baino gehiagoren testigantzak jaso dituzte, 350 herritan. 51.000 bideo pasarte daude sarean, gaika sailkatuta, interesa duenaren eskura. Ahotsak.eus ahozko ondarearen artxiboa da, on-line dagoena. Bertan, eurek egindako elkarrizketez gainera, beste hainbat elkarte eta norbanakok egindako grabazioak ere badaude. Guztira 200 proiektu baino gehiago. Elgoibarko 89 hizlariren 1.500 pasarte baino gehiago dituzte jasota webgunean eta Mendaroko 19 hizlariren 262 pasarte. barren.eus-en ere ematen dugu Elgoibarko hizlarien testigantzen berri, ahotsak.eus webgunean jasotako testigantzen transmisioa egiteko, eta ahozko ondarearen altxor hori ezagutzera emateko (ikus ahotsak.com atalean)

Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen Anton Abbadia Saria, 1996an, euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko. Sariak Anton Abbadia euskaltzalearen izena hartu zuen, hark euskararen alde egindako lana aintzat hartuta.