Ahotsak

San Joanak: oilaskoa jateko ohitura eta 'San Juan portaletaña' abestia

Barren.eus 2017ko uzt. 3a, 10:23

Aurten ez da San Joan ospakizunik izan Altzolan, baina urte askoan sona handia izan zuten sanjoanek Elgoibarko auzo horretan. Ahotsak.eus atarian jasota dituzten hainbat elgoibartarren testigantzak dira horren erakusle.


Altzolako San Joan festetan San Juan eguna eta San Juan Txiki eguna ospatzen zituztela lehen gogoan du Juan Lariz Garatek. "Jende asko egoten zan orduan Altzolan, dana lepo beteta. Erromerixia egitten zan, eta Mendaro, Altzola eta Elgoibarko jende asko etortzen zan. Oin Elgoibarkuak eta Mendarokuak... danak Eibarrera, baiña lehen ez, lehen Altzolara. Demasa zan. Dana beteta. Dantzia egoten zan, pelota partiduak, sokamuturra ere Txiki egunian. Bi zezen ateratzen zittuezen", dio elgoibarreraz.eus webgunean jasota duten lekukotzan.

• Pilota partidak eta oilaskoa
Julian Zabaleta Barrenetxeak ere akorduan ditu Altzolako sanjoanak. "San Juanetan la casa por la ventana" dio ahotsak.eus-en jasota dituzten zenbait pasartetan. Jaietan oilaskoa jatea zela ohitura dio honako bideo honetan, eta sona handia zuela Altzolakoak. Hiru pilota partidu eguneko antolatzen zituztela ere gogoan du honako beste bideo honetan.

• San Juan portaletaña abestia
Miren Vallejo Arriagak, berriz, San Juan portaletaña abestia ekarri du gogora honako bideoan. Hona abestiaren letra:
San Juan de la portaleñata
zapatu arratsaldian,
hamalau atso tronpeta joten
motroillo baten gañian.
Urra, urra, urra, San Juanetan
Dantza egingo dogu ifar haizetan
Guuuu, guuu, guuuuu
San Juanetara goaz gu.
Guuuu, guuu, guuuuu
San Juanetik gatoz gu.

• Aurreskua Altzolako sanjoanetan

Dantzan.eus atariak ere hizpide izan ditu Altzolako jaiak bere webgunean, Aurreskua Altzolako sanjoanetan artikuloan. Sanjoanetako soka-dantzako argazkiak argitaratu dituzte, Marin izeneko argazkilariak egindakoak. Aurreskua eta atzeskua ageri dira dantzan horietako argazki batean. Hasierako soka gizonezkoek osatzen zuten eta gero, emakumeak gonbidatzen zituzten dantzara. Arantza Arrietak lagundu die Dantzan.eus-ekoei argazkietan ageri diren lagunak identifikatzen, eta haien artean daude Karmelo Isasti eta Jose Luis Arozenak, Sabin Lariz, Antonio Landa, Mari Tere Landa, Garbiñe Bioin, Jose Ramon Etxaniz, Maria Dolores Landa, Alfredo Garcia, Milagros Landa, Pako Oñederra, Maria Teresa Arozena eta Jose Lariz.
Arantza Arrietak azaldu du “jai handiak” izaten zirela sanjoanak Altzolan, eta hala jaso dute Dantzan.eus-ekoek ere, Karmele Etxabe elgoibartarrari hartutako adierazpenetan. Hiru eguneko ospakizunak izaten ziren, ekainaren 23an eta 25era artekoak eta jende ugari batzen zen Altzolara, Elgoibartik eta Mendarotik bereziki. Ekitaldi ugari izaten zirela oroitu du Arrietak, eta dantzak gaur ez besteko garrantzia izaten zuela orduan. San Joan bezperan auzoko mutil gazteek basotik ekarritako arbola sartzeaz batera hasten zituzten jaiak, iluntzean, eta ondoren, ilundutakoan, sua pizten zuten errekan dagoen lur sailtxoan, duela gutxira arte egin izan duten moduan. San Joan egunean, berriz, prozesioa izaten zuten goizean, eta emakumeek lore-sortak eramaten zituzten mezatara, bedein katzera. Meza  ostea, herri-kirol saioak janzten zuen. Bertsolariak ere izaten ziren kantuan, meza-oste hori kantuz girotzen, harik eta erromeria hasten zen arte. Jaietako hirugarren egunean, San Joan Txiki egunean, sokamuturra izatenzen goizean goiz, eta txanalen arteko estropadak eta bizikleta karrerak ere izaten zuten tarte bat egitarauan. Eguerdian, bainuetxeko aurreko plazan elkartzen ziren auzoak, soka-dantza dantzatzeko. Eguna erromeriarekin amaitzen zuten. Felix Aranzabal Angiozarko itsua soinujole ezagunak alaitu zituen urte askoan sanjoanak Altzolan, baina sanjoanek orduan zuten indarra nolakoa zen nabarmentzeko, Arantza Arrietak oroitu du Elgoibarko Udal Musika Bandak eta Ansolatar txistulariek ere jo izan zutela, behin baino gehiagotan.

altzola sanjoanak 1950 marin

altzola sanjoanak 1950 marin aurreskua

altzola sanjoanak 1950 marin dantzaneus