Badaezpada

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Etxegibel Soraluze 2025ko urr. 17a, 11:00

Nork ez dauka praka pare bat armairuan, argaltzen denerako gordeta. Bakeroz mozorrotzen denerako larruzko txaleko bat, badaezpada; amarena izandako beroki bat, modan zeuden haietakoa, udan hozkailu berezi batean gorde behar izaten zena Gasteizen edo, larrua hondatu ez zedin. Forma arraroa duten baina oso garesti erosi genituen oinetakoak, berriro modan jarriko direnaren esperoan, nahiz eta erosi genituenean ere ez genituenak oso gustuko, eta ezkontza hartarako baino ez genituenak jantzi. Kilometroak 96ko sudadera… eta armairu bete behar ez dugun gauza. 

Nik neuk laburregia den soineko bat ere badaukat; argalduta, ez zait horren motz geratuko agian. Eta koloretako zapi super polit bat ere bai, oporretan joaten naizenen batean Thelma eta Louisek bezala buruan jartzen ausartzen naizenerako, betaurreko erraldoi batzuekin.

Oihana Aranak idatzi du aste honetan, Berrian, amaren etxera joaten denean eta haren logelako armairua zabaltzen duenean, berriz jantziko ez dituen baina bere identitatea eraiki duten arropak daudela bata bestearen gainean, eta sentsazio eder eta nahasgarria izaten duela momentu horretan. Horregatik erabaki zuela, zapatuan, hamabost urte zituenean bere outfit gustukoena zena jantzita joatea kalera, eta espero zuenaren kontrara, inori ez zitzaiola arraroa iruditu, ezta berari ere.

Ez al da izango, argaltzea bainoago, iraganeko garaietara bueltatu nahi dugula, edo jantzi nahi izan duguna eta horretara ausartu ez garena gertuago sentitzeko nahia. Ez al da izango iraganaz mintzo zaigula txiki geratu zaigun praka pare hori eta ez dugula iragan hori urrun sentitu nahi. Denboraren joanak eragiten digun pena arinduko ahal digu praka pare hori berriro janzteko aukerak.