Oporretan gurasoen herrian izan dela esan du batek, fruta dendako ilaran. Haren hitzetan, ez ei dago horiek baino opor hoberik. Ez nuen entzuten jarraitu nahi, baina jakin-mina piztu dit gizonaren afanak. Aitona-amonek herentzian utzitako etxea eta terrenoak nola dauden ikusteko eta ingurua apur bat atontzeko aitzakiarekin joaten direla, gustora ibiltzen direla han, familiakoak ikusi, txikitako lagunak, herriko tabernan diru apur bat utzi eta udal igerilekuan igarotzen dutela eguna sarritan. Hiriburua ere gertu dutela, eta herrian aspertzen direnean hantxe topatzen dutela dibertimendua: urdaizpikoa jan eta zerbeza edan. Beste ezagun bat ere han egon dela esan du, gurasoak bertakoak dituela eta; laster nazkatzen direla haiek, baina, eta aguro egin zutela hanka handik, Mediterraneo aldera edo. Ez omen dakite zer den ona.
Mediterraneoan zehar kruzeroan ibili dela esan nahi dio solaskideak, besteak itsasoaren izena aipatu duenez gero. Halako batean, berbetan utzi dionean: Bartzelona, Marsella, Genova, Roma, Messina, Malta. Zortzi egun, nahi beste jan, edan, etzanda egon eta turista antzean ibili gau eta egun.
Horrenbeste ur artean itotzeko beldurrik ez ote duen galdetu dio bakarrik, bera lehorrekoa dela.
Pentsatu dut esango niokeela Mediterraneoko hondartza batetik buiaraino igerian joan naizela egunero, eta globo hori erraldoi haren gainean egoten zen kaioak beldur handiagoa ematen zidala itsasoaren sakon ilunak baino.
Udara bakoitza bizitza txiki bat bezalakoa dela idatzi berri du Jon Maiak. Ezin da politago esan, hobeto adierazi. Badoa aurtengoa ere "... konturatzerako... brist... ilunabarreko haize freskoak lepo ondoan laztantxo batekin xuxurlatzen dizu badoala... eta oilo azal beltzaranari begira pentsatzen duzu denbora zein azkar pasatzen den".