Euskarari nondik begiratu eta zergatik

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga 2025ko mar. 21a, 13:30

Ukaezina da euskarak duen alderdi identitarioa, hots, euskara eta euskaldunon nortasuna batera doaz, eskutik. Hala izanagatik ere, lotura estu horrek sarri itsutzen du gure juzkua; batzuetan ez diogu euskarari objektibotasunez begiratzen, zientziatik. Maiz betetzen zaigu ahoa gure hizkuntzaren historiaren gaineko kondairekin. Horrez gain, euskarari exotikoa eta bakarra deritzogu, ergatiboa (Ni-k liburua ekarri dut) bezalako ezaugarri linguistikoak dituelako, adibidez; ez da hizkuntza bakarra munduan, ordea. 

Euskararekin dudan harremana eraldatuz joan da urteekin, eta esango nuke, gaur egun, bi leku desberdinetatik begiratzen diodala euskarari. Funtsean, euskaraz mintzatzen naiz, eta, beraz, nahitaez du eragina nire bizitzan, zentzu praktikoan zein identitate-kontuetan. Euskarari, berriz, nire ikergaia den heinean, azterketa sakona egin nahi badiot, zorrotz begiratuko diot. Esaterako, euskal sintaxia aztertu nahi badut, hau da, euskal hiztunak esaldiak nola osatzen dituen, euskara munduko beste hizkuntzekin alderatu beharko dut. Eta mesedegarria baino gehiago, kaltegarria egingo zait euskara bakarra dela pentsatzea; besteen gainean kokatuko dut, nolabait esatearren.


Ez dut horrekin esan nahi euskara modu objektiboan bizi behar dugunik, ez. Ez eta hizkuntzalaritzaren alor denek identitatearen kontua baztertu behar dutenik ere. Ziur aski, soziolinguistek osagai horri ere erreparatu beharko diote, zientziatik, noski. Idazlan labur(regi) honetan azpimarratu nahi dudan gauza bakarra zera da: euskararen gaineko zenbait galderari zuzen erantzun nahi badiegu (nire kasuan, nola sortzen ditugun esaldiak), euskarari zientziaren begietatik so egin beharko diogu; eta horretarako, alde batera utzi beharko ditugu kondairak eta istorioak, baina, batez ere munduan bakarrak garelako sinesmena.