Ez da beti erraza gabonak energiaz hartzea.
Hain zuzen, gabonek neguaren iluntasuna argitzeko balio (behar) dutenez, gabonei pozez begiratzen ez diegunean gizarteari huts egiten gabiltzala sentitzen dugu. Derrigorrezko poztasuna deitzen dio mandatu horri Sara Ahmedek eta, bere esanetan, normalak ez diren errealitateak kanporatzeko balio du. Horrela, gabonetan pozik ez bazaude, arazoa zurea dela esango zaizu. Ondorioz, hobe duzu gizarteak legitimotzat hartzen duen arrazoi bat aurkitu, bestela zuzenean patologizatua izango baitzara.
Ez da ausazkoa gabonetan poztasuna betebehar izatea, bertako ospakizunek talde estrukturatuen parte garela berresteko balio baitute. Gabon mahaiak edo enpresako afariak zerbait positiboaren parte sentiarazten gaitu; kuadrilla gabe ez da gabon zahar feriarik. Nahiz eta jakin hiruretako batean ere ez zaudela guztiz eroso.
Derrigorrezko poztasunaren aurrean, Ahmedek frustrazioaren balio eraldatzailea aldarrikatzen du. Frustrazioak norbere ingurua begiratu eta ados ez gauden gauzak identifikatzeko gai egiten gaitu. Beraz, gabonetako festa izorratzailea izan eta betiko rol edo komentario higuingarriei erantzutea edota familiaren abolizioa proposatzea iraultzailea da.
Baina, irakurle, ez dizut gezurrik esango. Teoria guztia jakin eta terapian bi urte emanagatik, niri neuri oraindik gehiegi kostatzen zait herrira ez itzuli edota mahatsak familian ez jatea. Beraz, gabon hauetan frustrazioaren begirada konplizea eskatuko dizut, zuri, gabonak gorroto dituzun horri.
Ea hurrengo urterako antolatzen garen.