Doktoretzaren harira, egungo gizartearen kontzientzia eta mugimendu politikoaren arteko disforia aztertu behar izan dut. Besteak beste, like-ek ekintza fisikoak ordezkatzea eta gizarteko ezkortasun sistematikoa dira horren arrazoi nagusiak. Lehenengo arazoa landuko dut aurrerago; gaurkoan, Elgoibarko ezkortasuna interesatu zait.
Horregatik, 'hemen ezin da' epai definitiboari bueltaka, BARRENen bilatzailean amaitu dut. Konturatu naiz datorren urtean 40 urte egingo direla Maalako lehenengo gaztetxea okupatu zutenetik, eta halaber, hunkitu egin nau hura bota ostean Hasier Etxeberriak idatzitako Gaztetxearen aldeko manifestuak. Gazte eguneko eta Gune Askeko kronikek 1987tik jai autogestionatuak posible direla erakutsi didate. Horiei lotuta, Zazpiki Irratiaren hasierez ikertu dut, eta zentsuraren aurka abiatu zuen borrokak harritu nau. Elgoibarko Izarraren eta BARRENen hastapenetara bideratu nau horrek, eta harro sentitu naiz oraindik ere herriko informazio askea jasotzeko aukeraz. Ikusi ditut intsumisoak biluzik, udaletxea sinbolikoki okupatzen; eta XXI. mendeko intsumisoetara jauzi egin dut gero, sistema zisheteropatriarkalari planto egiten dion Narrutsiken zenbait deialditara. Azkenik, Karakate Bizirik plataformaren garaipenak eman dit artikulu hau idazteko bultzada.
Nire teoria da, instituzioez gehiegi hitz egiten den azkenaldi honetan, honaino iristea ahalbidetu digun herri mugimenduaz ahanzten garela. Orduan, nola ez, Elgoibarren ez dela posible errepikatzen dugu, behin eta berriz.
Txinparta berri bat pizten den arte.