Altzolako urak

Erabiltzailearen aurpegia Angel Mari Tobajas

Altzolako uren gaineko ikerketa baten arabera, Altzolako urak 25 urteko bidea egiten du lurpean inguruko lur iragazkorretan barrena. Horri gehitu behar diogu Altzolako lur iragazkor bakarrak Izarraitzeko karsteko kareharriak direla, hain justu ere bainuetxearen parean ikus daitezkeenak, Deba ibaiaren beste aldean.

Oro har, Izarraitzeko Karst-a 700-800 metro bitarteko lodiera duen bloke karstiko handitzat har dezakegu. Bloke hori Urola bailararantz sartzen da, eta Erlo du punturik garaiena, 1.026 metrotan. Beherengo puntua, berriz, Altzolako bainuetxearen azpian topatzen dugu, urpean. Beraz, bainuetxeak muga egiten du Izarraizko kareharrizko karstaren eta bainuetxe atzean ikus ditzakegun lur flyschoide iragazgaitzen artean. Muga edo faila horretan zulatu du Deba ibaiak bere ibilgua eta kareharri iragazkor eta lur geruzatu flyschoide iragazgaitzen arteko kontaktu etengabean daude Altzolako iturburuak, nahiz eta termaltzat hartzen den iturburu beroeneko urak dauden bilduta bakarrik, hain justu ere lurpetik 28,4 gradutan irteten direnak.

Era berean, suposatzekoa da bainuetxea dagoen leku horretantxe hartzen duela kareharrizko blokeak sakonera handiena, eta pentsatzekoa da Deba ibaiaren azpian 700 bat metrora hondoratuta dagoela. Horrek azaltzen du gradu geotermikoa deritzonaren bidez berotzea ura. (Gero eta lurperago, gero eta bero handiagoa egiteari deitzen zaio gradiente geotermikoa). Lurrazpian sakontzen den 33 metro bakoitzeko gradu batean berotzen da ura. Kalkulu horren berri ematen zuten Altzolako Ur botilen etiketek, modu honetara: “Modu naturalean azaleratzen da 29º C-ko tenperatura konstantean, 700 m-tik gorako sakoneratik”.

Espeleologook esaten dugu Izarraitzeko karsteko kareharrietan iragazten diren euri-ur guztien infiltrazioetan dagoela Altzolako uren jatorria, nahiz eta ur horren parte handi bat karstaren iturburu nagusietatik azaleratzen den Deba ibaira, maila freatikoaren azpitik zirkulatu gabe. Baina gainerako urak, bai; gainerako urak maila freatikoaren azpitik igarotzen dira eta 700 bat metroko sakoneran tope egiten dute Deba ibaiaren failan hasten diren lur flyschoide iragazgaitzekin, eta horrek eragiten du ur horiek gora egitea azkar batean eta bainuetxeko iturburutik irtetea, 25 urteko bidea eginda.

Altzolako bainuetxea bera 1846an ireki eta 1976an itxi zela kontuan hartzen baldin badugu, esan dezakegu 130 urteko historia zirraragarria barnebiltzen duela. Garaiko pertsonaia ezagun ugari pasatu ziren bertatik eta auzo osoaren bizitza bere inguruan eratu zen. Ez dugu ahaztu behar Altzolan hamar hotel ere izan zirela eta bainuetxeko jarduerak mapan ikusgarriro kokatu zuela Elgoibar, estatuan eta nazioartean. Eta merezitako aintzatespen hori ez dio bainuetxeko luxuzko instalazioei zor, baizik eta kalitate bikaineko urari.

Itxura denez, 1893an tren geltokia eraiki izana ere bainuetxeari zor zaio, baina iragarpenak bete eta tren geltokia kenduko balute Altzola lotarako baino izango ez zen auzo marginal bilakatu litzateke, glamourrik, bainuetxeko jardunik, historiarik eta etorkizunik gabea. Zoritxarrez, galera hori ez luke Altzolak bakarrik sufrituko, baizik eta elgoibartar guztiok.