Erein eta itxaron II

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2025eko azaroaren 7a

Euskarari helduta, XX. mendearen erdi aldeko gure Herriaren egoera bizi izan genuenontzat harrigarria izan da, besteak beste, gure hizkuntzan emandako pausoa. Euskara bat eta bera erabilgarri eta ulergarri Xiberutik Bizkaira eta Gipuzkoatik Errioxara. Beharrak eta ahaleginak elkar harturik lortutako emaitza ederra. Hizkuntzaren normalizazioak ekarri ditu gure literatura, musika eta kulturako beste arlo askotan emandako pausoak. Pazientziaz eta arretaz egindako lanak gorpuztu du Herri baten itxaropena.

Aurrekoek ekarri duten lekukoa gure esku dago orain eta geuri, areago, gaur gazte zaretenoi dagokigu/dagokizue gaurko gure gizartearen bidezidor bihurrietan zehar lekuko hori eraman eta ondoren etorriko direnei eskuz esku ematea. Erronka berriak dira aurrean ditugunak. Gure herrian, Euskal Herrian, kalera irten eta ikusi besterik ez dago zer nolako aldaketa izan den azken hamarkada honetan. Zer itxaron dezakegu datozen urteotan? Zelakoak dira gure arteko harremanak? Janzkera, orrazkera, ohitura, arraza, hizkuntza aniztasun honetatik zein ondorio iritsiko edo ekarriko dugu? Berriro ere lehen esandakoetara narama nire diskurtsoak: hazi onetik fruitu onak iritsiko dira. Ez dira lehen bezalakoak izango; ezberdinak, halabeharrez, baina onak, geuk hala erein eta zaintzen baditugu. Geuk egin behar ditugu egokitzapenak gure gizarteak aurrera egin dezan.
Euskara ulertzetik nonahi eta noiznahi erabiltzera. Umetatik ikasi eta landu dugunon esku eta ardurapean dago euskara hori harreman erraz eta gozoko tresna bihurtuz erakargarri egitea. Ez dadila hizkuntza moldakaitz eta ortopedikoa izan; hori erabiliz egiten da, ertz latzeko harriak ere ibaian, uraren higaduraz leundu eta biribiltzen diren era berean. Dabilen harriari ez zaio goroldiorik lotzen, esaera zaharrak dioenez. Lotu dezagula eta dezatela euskara sentipen gozo eta atseginekin, sorkuntzarekin, hurbiltasunarekin, musikarekin, arrakastarekin.

Gure erreka txikiek ibai zabalera jo dute eta haiek itsaso zabalagora. Errekatxoaren ura beste askorekin bat egin eta munduko itsasertz guztiak musukatuko ditu, unibertsal bihurtuko da, baina bere nortasuna, bere izaera, bere aberastasuna galdu gabe bizirautea da funtsezkoa. Izan ere, ezaguna da ontzi batean sartu zuten igelaren historia. Poliki-poliki, uraren tenperatura  igo eta igo, igelari ez zion deserosotasunik eragiten. Ohitu eta ohitu, azkenerako egokitu eta, oharkabean, egosi. Lazkao Txiki bertsolariak esaten ei zuen beste hau: “Egunen batean euskara ez den beste hizkuntza batean ariko gara, euskaraz ari garelakoan”. Edo jan gabe bizitzen ikasten ziharduen astoaren kontua: ohitu zen egun berean hil zela.

Horixe da, hain zuzen (edo oker) gure arazoa. Jakin bai, baina gutxi erabili eta erabiltzen ez denak bere funtzioa galtzen du. Merezi dute gure aurretik hainbeste saiatu zirenek guk aldi honetan geuri dagokiguna egitea, euskara bizi eta erabilgarriari aukera ematea. Konnotazio positiboa izan dezala. Beraz, erabili eta itxaron. Egin duenak badu konfiantzaz itxaroteko motiborik. Geure katebegia osatu behar dugu, katea eten ez dadin.