Udazkena erromantizatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ane Astiazaran 2025eko azaroaren 7a

Imajinatu: kanpoan gaua da, euria ari du, eta zu etxeko goxotasunean zaude, lanparen argi epela lagun, mantatxoarekin, infusio bero bat, eta liburu bat esku artean. 

Iritsi da udazkena erromantizatzeko garaia, eta baita etxeko goxotasuna ia performatzekoa ere. Zentzurik onenean diot,  azken urteetan moda antzean jarri da kanpoko zikloei erreparatu eta urteko sasoi honetan barrurantz begira jartzeko joera, gorputzak eskatzen digunarekin bat egitekoa. Sarri ikusi dugu barrura begiratze horren interpretazio kapitalista, ordea; erraz erortzen gara erromantizatze hori lortzeko (alferrikako?) gastuetan. Eta badakigu, gasturik gabe ez dago udazkena erromantizatzerik.

Udazkeneko irudi ideal horretatik fokua liburuan jartzen badugu, badakigu ez dugula liburu bat erosi beharrik nobela, saiakera, ipuin bat irakurtzeko: hor liburutegiak, hor guk irakurri gabeko liburuak dituzten lagunak. Demagun, hala ere, liburua erosi nahi dugula (ez naiz ni izango hori kritikatuko duena).

Lehen pausoa: nora goaz liburua erostera? Herriko edo auzoko liburu-denda batera? Liburu-denda kate batera? Frankizia batera? Amazonera? Ados, lehen pausoa txek. Hemen dator bigarrena: badakigu liburu hori nori erosten diogun? Badakigu argitaletxe hori independentea den edo munstro enpresarial bat den? Are gehiago, badakigu argitaletxe hori behin independentea izan arren orain munstro enpresarial baten parte den?

Ez naiz ni izango nork zer non erosi behar duen esango duena, baina aizue, hori ikertzeari pare bat minutu eta kontzientzia pixka bat jartzen badiogu, ni pozik. Eta segi udazkena erromantizatzen.