Hostoen gainaldea berde distiratsua da, eta azpialdea berde oso argia, ia zuria, eta horrek berde barietate kromatiko bat sortzen du mugitzen direnean.
Zuhaitz garrantzitsua izan zen zelta mitologian, eta haren kulturan esaten zenez, haizeak jotzen duenean eta hostoak mugitzen direnean, izpirituen ahotsen xuxurla entzuten da.
22 metroko altuera izan dezakeen zuhaitz ertaina da. Azal zurbila du, ia zuria eta leuna, gaztea denean; gris iluna eta arrakaladuna, berriz, zahartzean.
Baina zuhaitz honen ezaugarririk deigarriena sustraietatik berriz ernetzeko duen gaitasuna da. Sustrai horietatik klonak diren zurtoin berriak sor daitezke eta kolonia handiak eratu.
Makalen kolonia klonalik ospetsuenaren izena Pando da eta Lurreko organismo bizidun handiena eta zaharrena kontsideratzen da. Identitate genetiko bera duten 47.000 lertxun inguruk osatzen dute, eta horien sustraiek lurpeko sare handi bat eratzen dute, organismo bakar gisa jokatuz. 43 hektarea inguru hartzen ditu, eta ia 1.000.000 urteko antzinatasuna eta 6.000.000 kg-ko pisua kalkulatzen zaizkio, hau da, 35 balea urdin edo 1.000 elefante beste. Baina erraldoia poliki-poliki hiltzen ari da.
Zura zuria, elastikoa, gogorra eta lan egiteko erraza denez, enbalaje-kaxak, altzariak, pospoloak eta zotzak egiteko erabiltzen da.
Egile batzuek sendatzeko gaitasuna dutela diote, azala eta kimuak diuretikoak eta hanturaren aurkakoak direlako.
Eslovakiako zientzialari batzuk fauna eta flora birsortzeko duten gaitasuna ikertu dute, eta lertxunak klima-aldaketaren aurkako irtenbide egokia izan daitezkeela ondorioztatu dute.
Horregatik, gure errespetua eta zaintza merezi dute. Paseatu gaitezen Errotaberritik eta ikus dezagun haien hosto dardaratien dantza.