Sekuoia bazen ezaguna AEBetako biztanleentzat, eta autore batzuen arabera, cherokee-tik dator haren izena, tribu indiar horren kulturan garrantzi handia baitu, eta siqua (txerria) eta yea (lekua) hitzetatik baitator. Garrantzi historikoa hartu zuen, Sequoyah izeneko cherokee jakintsu baten ekarpenei esker.
Lehen haziak 1853an iritsi ziren Europara. Elgoibarren, mende bat geroago landatu zuten.
Espezie honetako erraldoi bat -ezagutzen den munduko zuhaitzik handiena- AEBetako Giant Forest-en dagoen Sherman Jenerala da. 84 metroko altuera du eta 31 metrotik gorako perimetroa. Ia 1.500 m³ egur eta 2.100 tonako pisua kalkulatzen zaizkio.
Elgoibarkoa xumeagoa da, 30 metroko altuera baitu (gutxi gorabeherako neurketa) eta 5’30 metroko perimetroa.
Neurri horiekin, egur-enpresen diru-gosea pairatu zuten sekuoiek, eta mozketa handiak egin zituzten 1880ko hamarkadatik 1920ra arte, debekatu zuten arte. Zorionez, bere zura kalitate eskasekoa eta hauskorra da, eta horrek eta, garraiatzeko sortzen zituen arazoek, ez zuten errentagarri egiten.
Gainera, protesta handiak izan ziren mozketa horien aurka. Ekintzaile ezagunena Julia Butterfly Hill da. 1997ko abenduan, milaka urteko sekuoia bat moztea geldiarazteko, 55 metroko zuhaitz batera igo zen, zuhaitzaren adaburuan astebete edo bi aste egongo zela pentsatuta. Eguraldi txarra eta enpresaren erasoak eta mehatxuak jasan behar izan zituen, baina bi urte -738 egun- eman zituen zuhaitzean, 1999ko abendura arte. Ondoren, espeziea babesteko legea onartu zuten.
Medikuntza naturalean erabiltzen da, nahiz eta tratamendua ez dagoen zientifikoki frogatuta.
Zaindu eta babes dezagun, beraz, Bolatokiko ikur bikain hori. Elgoibarren ere, zuhaitz mozketa arbitrario samarrak ikusi ditugu. Zorionez, gaur Baso Biziak Taldea dugu, nahiz eta askoz Butterfly gehiago behar ditugun.