Alde batetik, Global Sumud Flotillako kide baten hitzak entzun nituen duela pare bat aste. Ekintzaile hori misioaren helburuak gauzatzen laguntzeko batu zen Flotillara. Bere hitzetan, modu apolitikoan egin zuen bat egitasmoarekin. Bestetik, Palestina eta Euskal Selekzioa lehiatuko diren partidaren harira, jokalari palestinar bati egindako elkarrizketa entzun nuen. Jokalariak zioen ez zela politikan sartzen. Hala ere, Palestinaren elastikoa janztea erabaki zuen.
Aipatutako bi kasu horietan bakoitzak bere alea jarri du Palestina jasaten ari den izugarrikeria salatzeko. Biek hartu dute hori egiteko erabakia. Biek egin dute politika alde batera utzita. Baina, nondik dator erabaki horren hautua egiteko arrazoia? Moraltasunetik jaio da agian, eta gizateriak mugituta gauzatu da beharbada. Ez al da hori, erabaki politiko bat?
Partidismoak protagonismoa daukan garai honetan, politika horixe bera izan behar dela pentsatu izan da: ideologia ezberdinen arteko talka konstante bat, ea nor gailenduko. Parlamentuetako borroka horrek herritarrok politikatik urruntzera eraman gaitzake, baita politika bizitzako esparru askotatik (kirola, eskola, musika, lagunak…) kanpo utzi nahi izatera ere. Hala ere, politikan sartu nahi ez izate hori erabaki politiko bat da finean, zerbait egiteko modu bat zehaztuko baitu.
Beraz, hemen zuentzat galdera: politikariei bakarrik al dagokie politika egitea?