Hala, lehenik eta behin, oinarrizko galdera bat datorkit burura: zer da oholtza bat? Beste hainbat ezaugarriren artean, kontatzen den hori entzutea ahalbidetuko duen espazio bat eta sorkuntzaren erakusleiho bat da, nire iritziz. Oholtza gainean dagoen pertsona horrek izango du entzuleen arreta, hark zer esan edo egingo duen zain. Ez da kasualitatea horrelako espazio bat maskulinizatuta egotea, boteredun espaziotzat ulertu baitaiteke.
Askok pentsatuko duzue, Olaia Inziarte, Olatz Salvador, Izaro, Idoia… moduko artistak Euskal Herriko panorama musikalaren goiko postuetan egotea parekidetasunaren erakusgarri dela. Horrela bada, galdeiozue zeuen buruei zergatik diren, kasualitatez, musikari hauek guztiak abeslariak. Galdeiozue zergatik garen, kasualitatez berriz ere, mutilez bakarrik osatutako taldeak aise izendatzeko gai baina neskez osatutakoak izendatzeko ez. Musika tresnetan gertatzen den musikarien genero banaketa ere horixe bera da, kasualitatea. Arrazoi hauek eta beste asko tarteko, esan beharra daukat ezetz, oholtza (momentuz) ez dela parekidea.
Oholtzak bizi dugun errealitatearen isla dira, eta ondorioz, gizarteko arauek, jarrerek eta pentsaerek badute eraginik han. Oztopoak oztopo, neska askok oholtzaren gainera igotzeko, eta batez ere bertan irauteko erabaki zaila hartu dute. Bide horretan aurrera egiteko babes sarea zeinen garrantzitsua den sentitu nuen EME egunean, Elektrizitatea abestera (bai, abestera) hamasei neska gazte igo ginenean. Hori esanda, babestu dezagun oholtza gainera igotzeko erabakia hartu duena. Eman diezaiogun hauspoa, haren mezuek espazio hori bete dezaten. Agian, egunen batean, erabaki zailak erabaki erraz izatera pasatuko dira.