Gora shep-Kala Patthar-Dinboche

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2024ko abe. 9a, 18:58

5.100 metroan eta inoiz baino hobeto egin dut lo. Himalaiako haize bortitzak esnatu nau. Epel-epel nago lo zakuan. Bart argazki politak atera genituen ilunabarrean. Nuptse eta Everest tontorrak gorri-laranja zoragarriz jantzita.




Gaur 07:30ean hasi gara oinez. Baraurik, hala esan ziguten gidariek. Kala Patthar tontorrera goaz, lodge ondoan dago eta ez omen da oso luzea. Itzulerakoan gosalduko dugu. Nuptse, Everest eta Pumori erraldoien ondoan, mendi kasko bat dirudi. Pozarren atera naiz, aklimatatzen lagunduko digula esan baitigute eta ikuspegia ezin hobea delako. 5700 m eskas dauzka Kala Pattharrek.


Hasi orduko nabaritu dut, ordea, txakalaldia. Sabela hutsik, indarge. Garaierak ere, noski, eragiten du, eta ezinean noa. Amorru-malkoak masailean behera. Ez ditut taldekideak gogaitu nahi, baina berehala antzeman didate ezina eta asko lagundu didate. Gel bat, txute bat, eta mantso-mantso goraka. Mendi kuriosoa da, igoeran zehar zurezko bankuak daude, eseri eta paisaiaz gozatzeko edo. Balirudike gaur niretzat apropos jarri dituztela. Denetan eseri naiz, arnasa hartzeko. Sufrikario gogorra izan da, baina merezi izan du.

Tontorrean ikupegia apartekoa da: Pumori gertu-gertu, Nuptseko seracak garden-garden, eta atzean, bigarren plano batean baina denen gainetik, Everest. Egia esan, frikismoak gorabehera, erakargarritasun handiko mendia iruditu zait. Dantzaleku ilun batean, gustuko lagunak daukan distira. Jaun eta jabe. Errege. Piramide perfektu bat, haize-elur samur zirimola batekin. Gure aitak esango luke: “ahi esta, diciendo, que suba el/la que tenga cojones” Beldurgarria bezain ederra iruditu zait. 5700 metroan ni ezinean baldin banago, nola 8000 metrotik gora? Heriotzaren eremua. Uste dut oraingoz nahikoa eta soberan daukadala.

Garaieran behera egin ahala askoz hobeto noa. Lodgera iritsi eta gosari pasara egin dugu. Azken bi egunetako etapak lotuko ditugu orain: 15 bat kilometro. Eguzkiak gogor jotzen du baina tipula bezala noa mila kapa jantzita. Jaitsiera luzea da, baina goiko sentsazio txarrak desagertu dira. Baina kezkatuta noa, Ama Dablam ingurua niretzat gehitxo ez ote den izango. Ikusiko dugu, bihar joango gara behe kanpalekura.

Mila ordu mendian pentsatzeko. Gaur, une batez, pentsatu dut, zorionekoa naizela mendi erraldoi hauek bertatik bertara ikus ditzakedalako. Gogo handia neukan, neure txikian, espedizio bat barrutik bizitzeko. Muturreko egoerak: hotza, garaiera, nekea... Burua uneoro orain eta hemen edukitzea, beldurrak kudeatzea… erosotasun eremutik ateratzea, erabat. Etxekoengandik urrun. Etxeko epeletik urrun. Taldekide batekin aipatu dut, esperientzia ikaragarria izaten ari dela baina nik nahikoa eta gehiago daukadala Euskal Herriko mendiekin, Pirinioekin eta Alpeekin.

 

 

 

Ez dakizue zenbat eskertzen dudan kobertura pixka bat lortu eta zuen guztien mezuak irakurtzea. Etxekoenak, lagunenak, euskal mendizaleen aholkuak eta kronika hau irakurtzen ari zareten guztien mezuak. Bultzada handia da niretzat. Mila esker, zoragarriak zarete!

  • Aurreko kronikak HEMEN