Phakding-Namche Bazaar

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2024ko aza. 29a, 08:16

Zelako ondo egin dudan lo! Milesker Juanito, Nanga Parbat zakua itzela! Hotzez sartu nintzen eta berehala sekulako epeltasuna, hau poza!

 

Bapo gosalduta (bi arraultza egosi eta tortila😅), martxan jarri gara. Berriketaldi politak gaur ere. Asteburuaren zain bizitzea pena dela, egunerokoaz gozatu gabe. Egunean 10 plazer behar omen ditugu orekan eta pozik bizitzeko. Eguneroko gauza txikiak, zoriontsu egiten gaituztenak. Neure zerrenda osatzen hasi naiz, automatikoki: gosari oparoa, Karakatera igotzea, dutxa zoragarri bat hartzea, janari erosketak egitea (oso frikia naiz!), Liher eta Aia ikastolan batzea, gurasoekin bazkaltzea, bazkalorduan 10 minutuz ohean etzatea, lanean askaria jatea, lankide eta lagunekin hitz egitea, ohera joan aurretik pixka bat irakurtzea… bai, uste dut egunerokoan ere (asteburuan ere bai), zoriontsu izateko baldintzak dauzkadala.

Gaurko ibilaldia 2019an ezagutu nuen, Everesteko lasterketan. Ederrak dira tibetar zubiak. Amildegia oin azpian, hasieran inpresioa egiten du. Nepaleko zapi enblematikoz apainduta: zapi urdinak zerua islatzen du, zuriak ura, gorriak sua, berdeak airea eta horiak lurra. Budismoaren bost elementuak omen dira eta haizeak mugitzen dituenean ingurua bedeinkatzen dute.

Gaur atzo baino askoz hobeto noa, bihotz-taupadak lasaiago. Hilerokoak ere ongietorria egin dit eta gorputzak atseden hartu du. Ahizpak arrazoi du; emakumeok sekulako indarra eta meritua dauzkagu. Bizitzako koska oro gainditzeko gai gara, hilerokoak eragiten dizkigun zailtasun, gorabehera eta makalaldien gainetik. Egunotako puztutasuna murrizten joango zaidala uste dut eta indarrak berreskuratzen. Emakume askori interesatuko zaizuelakoan, espedizioetan nola kudeatu hilerokoaren kontua… nik zortea izan dut trekkinaren hasieran egokitu zaidalako eta lodgeetan komunak dauzkagulako. Gainera, aitortu behar dut, aurreko egunetako puztutasunetik eta sabelalde minberatik harago, ez didala aparteko gorabeherarik eragiten. 5 egun barru jaitsi izan balitzait beste kontu bat izango litzateke, garaieran azpiegitura xumeagoa daukagulako. Bide batez, gaurko sorpresa eta plazer nagusia dutxa beroa izan da! Ez genuen halakorik espero! Gelak banatu dizkigutenean dutxa hotz azkar bat hartu dut, ur beroa edukitzea pentsaezina zen! Bada zelako sorpresa taldekideek esan dutenean ur beroa ere bageneukala! Ziztuan itzuli naiz logelara eta dutxa beroa hartu det. Espedizioko lehenengoa eta azkena, hemendik aurrera, eta garaieran gora egin ahala, asko murriztuko dira kontuak.

Bazkari ederra egin dugu, paseotxoa ondoren, Namche Bazaar, Khumbuko hiriburuko kaleetan. Ez pentsa gure hiriburuen antza duenik, ordea: mendi magal batean eraikitako etxe xumeak, denda koloretsuak ezker-eskuin, tabernatxoak, kale kantoi estuak. Nepaldarren bizimodua oso xumea da.

Bapo afaldu ostean, beste paseotxo bat egin dute batzuek eta sutondoan geratu gara beste batzuk. Argazkiak ikusi, egunerokoa idatzi eta biharko etapa prestatu. Orain ere berriketaldi interesgarria: Formigal eta Astun-Candanchu eski estazioak lotzeko Canal Royan egin nahi duten txikizioa. Gai mamitsua. Continuara…

Halaxe joan da bigarren eguna. Jan, lo eta mendian ibili. Bizimodu sinplea, orain eta hemen. Uste dut, pertsona orok beharko lukeela halako esperientziaren bat bizitzan: azpiegitura murritza, hotza, garaiera, barne gatazkak eta kezkak kudeatzea, taldean elkarbizitzea… oso aberatsa sentitzen naiz.

Aurreko kronikak HEMEN