Lukla-Phakding

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Lendinez 2024ko aza. 27a, 15:25

Mila hegaldi orduren ostean hasi da gure mendiko abentura! Katmandutik atera eta Luklako aireportura hartu dugu abioneta. Munduko aireportu arriskutsuenera. 

Sagarmathako eremuan dago, Solukhumbu distrituan, 2860 metroko garaieran eta 450 metro baino ez dauzka pistak. Mendiz inguratuta eta amildegi izugarria amaieran. Eguraldi aldaketak oso ohikoak dira. Luklan hasten da Everesteko behe kanpalekura joateko trekkina eta hain zuzen ere, 2008an Tenzing Norgay eta Edmund Hillary izena jarri zioten aireportura, 1953an Everest lehenengoz zapaldu zuten bi mendizaleen omenez.

Oraingoan oso samurra izan da hegaldia, aurrekoetan Dragon Can txiki uzteko moduko esperientzia izan zenπŸ˜… Eta gertukoek badakite enaizela barraketan ibili zalea. Urrutira joan gabe, Elgoibarko aurtengo Bartolo jaietan Pepito Grillo gelditu egin behar izan zuten loramenengatik. Ondo ikasi du Liherrek tia Ainho ez dela berriz halakoetan ibiliko. Ezta berari ilusioa eginda ere. Gaurkora etorrita, hodei arteko astindu batzuen gainetik apartekorik ez. Tira bai, apartekoa ikusmira izan da. Lainoen gainetik Everest eta inguruko menditzarrak ikusi baititugu.

Luklan hasi eta Pakdhingerainoko etapa xumea egin dugu gaur. Deigarriena da zamaketariak ikustea, 80 bat kilo ere eramaten dituzte bizkarrean: janaria, materiala, eraikintzako ohol, burdina eta bestelako edozer. Asko oso arropa xumearekin eta sandalietan. Eta gu, mendizale “aberatsok”, gure motxilatxoarekin ezinean. Bidean herri txiki asko igaro ditugu. Pasang Temba xerparena ere bai, Martin Zabaletarekin batera Everestera igo zen xerpa, oraintsu Euskal Herrian egon berri da hainbat hitzaldi egiten. Izan ere, Temba gure taldeekin itzuli da Euskal Herritik Nepalera, eta izan du bere anekdotatxoa ere. Loituik Istanbulerako hegaldian ez zaio ba bururatu agureari hegazkineko komunean zigarroa piztea! Zalaparta dezentekoa sortu da hegaldian baina, zorionez, ezerezean gelditu da pasartea.

Trekkineko lehen etapan bihotz taupadak goratuta sentitzen ditut pixka bat. Beti gertatzen zait, garaieran mugitzen naizen lehen egunean. Mantso goaz, eta badakit egunek aurrera egin ahala hobetuko dela sentsazioa (hala izango ahal da!).

Bidean, zamaketariekin batera, astoak eta yac-ak, zama garraiatzen. Espedizioko gainerako taldekideekin egin dugu bat. Hegaldiak egun ezberdinetan eduki ditugu eta hemendik aurrera elkarrekin egingo dugu ibilbidea 15 bat lagunek. 6 euskaldun, italiar bat, austriar bat eta gainerakoak espainiarrak. Nahi gabe eta nahita, euskaldunok elkarrekin egin dugu lehen etapa. Zelako ederra Sagarmathan barrena euskaraz jardutea.

Estupak daude han-hemen, nepaldarren errezorako monumentuak. Badakigu ezkerretik igaro behar direla, errespetu modura.

Lodgera iritsi garenean arropaz aldatu eta sutondoan elkartu gara denok, astearte buruzuri batean plan ezin hobea daukagula ospatzeko. Bazkari-merienda egin dugu: arroza, oilaskoa eta patatak loramenentzat. Interesa duzuenontzat; etxeko janik ez daukat hemen, baina aurrekoetan bezala ahalik eta gehien saiatuko naiz glutena eta batez ere esnekiak zaintzen.

Segidan paseotxoa herrixkara, te beroa hartzera. Hizketaldi interesgarria tabernan; etiketa berdeaz aritu gara, mendi lasterketen gehiegizko boomaren aurrean, gutxieneko kode etiko bat lortu nahi duen ekimen polita. By sisifo. Askorako eman du gaiak: mendian korri egitea, gizon-emakumeen berdintasun, feminismoa eta haren kontraesanak, hizkuntza zapalduak, mendiarekiko errespetua… Paseotxoaren eta tearen ostean arin lodgera. Hotz izugarria daukagu kanpoan baina barruan ere tenperatura anbiente πŸ˜… sutondoko egurra amaitzen denean beroki lodia jantzi behar. Eta lotarako, lumazko jaka eta lumazko zakua, nik bederen. Atera kontuak nolako aterpetxeak diren…

Sutondoan berriketaldia eta afaria. Nepaleraz hitz batzuk nola esan ere ikasi nahi dugu, adeitsuak izateko:

-Danibath: eskerrik asko

-namaste: hola

-veri vetonla: agur

-mito sa: gozoa

Eta horrela amaitu da gure lehen trekking eguna. Bihar, Namche Bazaar πŸ€— Veri vetonla!πŸ™